Antzerki arinen 9. jardunaldia itxi zuen Arnatz Puertasek eta Itxaso Gilek aurkeztutako jai giroko ekitaldi lasai batek. Imanol Ituiño magoak eta Nahikari Rodriguezek girotu zuten ekitaldia Apirilaren 1etik 24ra, argitaragabeko 16 lan labur erakutsi dira Pabellón 6en eta atzo igarri ziren irabazleak.
"Amaya" antzezlanak lortu du Udaleko Kultura sailak ematen duen Alex Angulo saria eramatea. Sandra Marchenak eta Amaia Lizarraldek idatzi dute eta Amaia Lizarralde bera Olatz Beobiderekin batera izan da protagonista. 3.000€-ko saria eskuratu dute ikuskizun onenarengatik.
Beste sari nagusia "Zuri" lanak eraman du. Saioa Iribarrenek idatzi eta zuzendu du eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak ematen duen "Kriselu" saria eraman du euskarazko muntaia onenarengatik. Ander Basaldua eta Gaizka Chamizo izan dira protagonista eta sari moduan 3.000€ eman dizkiete.
Hala ere, bi sari hauek ez dira bakarrak izan. "Gaizki" piezak publikoaren "maite" saria jaso du. Mikel Martinezek "Zorionak (esan hemen zure izena)!" lanagatik eta Ander Basaldua "Zuri" lanagatik eraman dute interpretazio onenaren sarietako bat; eta Haizea Águila "El sabor del melocotón" lanagatik eta Leire Ormazabal "Firmado por alguien que no tiene firma" lanagatik eraman dute bestea.
Osvaldo del Valle, Pabellón 6eko bazkide kolaboratzailea eta Stz Digitaleko erredaktorea; Ziortza Etxabe, Pabellón 6eko bazkide aktiboa eta Iñigo Cobo Santurtzine Jaialdiko zuzendaria eta Gazte Konpainiako kidea izan dira sariak erabaki dituzten epaileak.
Gazteen lana saritua
Gazteek aipamen berezia jaso dute egindako lanagatik. Jaialdiak eskertu ditu bidalitako proposamen kopuruagatik, taulen gainean egin duten lanagatik eta astez aste publiko gisa bertaratzeagatik. Publikoari eta jardunaldiak posible egin dituzten pertsona guztiei ere luzatu diete eskerrak.