"Euskal gizartea asko du jokoan eztabaida honetan", azaldu dute EAEko Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko herri ekimenetik gaur emandako prentsaurrekoan. Hura lortzeko sinadura bilketan ibili dira 2021eko hasieratik eta Legegintzako Herri Ekimena Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurara eramateko behar ziren 10.000 sinadurak lortu dituzte; 22.075 hain zuzen ere eta 80 erakunde sozialen babesa baita ere.
Horri esker maiatzaren 5ean, ostegunean, bozkatuko da Gasteizen eta legebiltzarkideen baiezko botoa eskatu dute: "EAEko herritarrok tresna bat lortu ahal izango dugu pobreziarekin amaitzeko, bizitza erdigunean jartzeko tresna bat, enplegua banatzeko eta lanak partekatzeko tresna bat, azken batean, Euskadi gizarte erreferente bihurtzeko tresna bat". Sustatzaileek uste dute legebiltzarkideek ez dutela galduko aukera, hau lortzeko.
Orain arte aurrera eramandako prozesu herrikoiarekin jarraitzea nahi dutela adierazi dute herri ekimeneko kideak. Prentsaurrekoaren ostean, kalejira egin dute Bilbon eta bihartik aurrera karpa bat jarriko dute Eusko Legebiltzarraren aurrean. "Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentaren ordua da" lelopean bozketa amaitu arte egongo da.
Bertan 11:00etan prentsaurrekoa egingo dute asteazkenean ekitaldien aurkezpena egiteko. 12:30ean kalejira egingo dute Gasteizko kaleetan zehar eta bazkari herrikoia egingo da karparen inguruan 13:30ean. Arratsaldez, 16:00etan hitzaldi bat egingo da Kataluniako plan pilotuari buruz eta 18:00etan Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentari buruzko esperientziak plazaratuko dituzte. Azkenik 20:00etan ekitaldien itxiera eta agur musikala egingo dute.
Esku-hartzea legebiltzarrean
Bozketaren egunean elkarretaratzea egingo dute Eusko Lege Biltzarraren aurrean eta 09:30etatik aurrera legebiltzar-taldeek zein sustatzaileek esku-hartzea egingo dute Osoko Bilkuran HLE sustatzailearen azalpena emango dute, honen beharra defendatzeko. Ostean bozketa egingo da. Karparekin erakutsi nahi dute mugimendu sozialek eta pertsonek jada baiezko botoa eman dutela Baldintzarik gabeko oinarrizko errenta lortzeko. Beraiek eman dute lehen pausua eta orain legebiltzarkideei eskatu diete aldeko botoa.