Ikertzen ari diren erailketen aurrean, LGTBfobia salatu dute eragileek

uriola.eus 2022ko mai. 4a, 09:29

Gizonen arteko hitzorduetarako aplikazio baten bidez harremanetan jarri ostean menderatze drogen gaindosi bidez hil ziren iazko udazkenean gutxienez lau gizonezko, eta Ertzaintza susmagarriaren bila dabil. E28 koordinadorak zein Euskal LGTBI+ Behatokiak gertaera horiek zein Santurtzin eta Zornotzan berriki gertatutako erasoak salatu dituzte.

Hasieran heriotza naturaltzat jo zituzten arren, 2021eko iraila eta urria artean Bilboko alde zharrean hildako lau pertsona horien arteko kointzidentziak aurkitu ditu poliziak. Guztiak ziren gizon homosexual edo bisexualak, eta hitzorduetarako aplikazio baten bitartez jarri zen haiekin harremanetan ustezko hiltzailea, 20 eta 30 urte bitarteko gizonezkoa. Bada, menderatze droga den estasi likidoa aurkitu dute gorpuetan, zeina hilgarria izan baitaiteke dosi handietan. Badirudi hiltzaileak biktimen kreditu txartelen eta bankuko datuen informazioa lortzen zuela modu horretan, eta ondoren dirua lapurtu zuela. Anaiaren heriotzaren ostean bere kontu korrontean ikusi zituen mugimenduek piztu zuten, hain zuzen, herritar baten susmoa, eta orduantxe hasi ziren ikerketak. El Correo hedabideak eman du gertakarien berri, eta azaldu du poliziak uste duela gutxienez beste lau heriotza kasu ere egotzi ahal zaizkiola pertsona berari, eta Bilbotik kanpo ere antzeko erasoak egin izanaren susmoa duela.

Isiltasuna gaitzetsi dute

“Gertakari horien guztien atzean dagoen LGTBI+FOBIA soziala salatu nahi dugu, eta gizartea, oro har, eta erakundeak, bereziki, LGTBI+ pertsonen aurkako indarkeria horren aurkako protestekin eta mobilizazioekin jarrai dezaten animatu”, adierazi du Euskal LGTBI+ Behatokiak gertakarien harira igorritako komunikatuan.

Sexu askapenerako hainbat kolektibo eta norbanako batzen dituen Bizkaiko E28 koordinadorak ere mezua zabaldu du gertakarien harira, eta nabarmendu du larritasuna eragin dutela komunitatean, “instituzioen isiltasuna konplize”. Hala, hilaren 17an, LGTBfobiaren aurkako eguna, mobilizatzeko beharra inoiz baino handiagoa dela azpimarratu dute. Izan ere, ikertzen ari diren hilketez gain, azken hilabeteotan Bizkaian eta Euskal Herrian hainbat eraso gertatu direla gogorarazi dute, asteburuan Zornotzan gertatutako eraso fisikoa kasu. Bestalde, gogorarazi behar da Santurtzin gizon batek beste bati sexu erasoa egin diola duela egun gutxi.

Gertaera horiek guztiak, LGTBI+ Behatokiaren esanetan, “sinbolo bat baino ez dira, iceberg baten punta deigarria, aurreko urteetan izandako gorabehera eta gorroto-delituei buruzko goranzko datuek – batez ere 2021ean – agerian utzi duten bezala”. Hala, kolektiboaren oinarrizko eskubideak babesteko eta defendatzeko “presazko neurri eraginkorrak” eskatu dituzte: “Besteak beste, LGTBI+ euskal lege integral baten bidez lege-esparru bat emateko premia ikusten dugu”.