20 urteko migratzaile baten gorpua aurkitu dute Zabalgarbiko erraustegian

uriola.eus 2022ko mai. 4a, 09:39
Azaroan Atxuriko kantxetan jarritako protesta kartelak

Astearte goizaldean erraustegian aurkitutako gorpua Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean egondako magrebtar gazte batena da. Hipotesien arabera edukiontzi baten barruan sartu zen lo egitera eta ez zen ohartu zabor kamioiaren etorreraz. 

Hildako pertsona bat aurkitu zuten atzo Zabalgarbiko erraustegian eta Vocento taldeko egunkariek informatutakoaren arabera, 20 urteko migrante magrebtar batena izan da. Aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean egondakoa da.

Lakuako segurtasun sailak Zabalgarbiko instalazioetan bizitzarik gabeko gorpu bat aurkitu zela informatu zuen asteartean. Erraustegiko langileak gauean batutako hondakinak kudeatzen zituzten bitartean 05:15etan Ertzaintzari deitu zioten ohartarazteko gorputz bat aurkitu zutela, "kriminalitate-zantzurik gabe" segurtasun sailak azaldu duenaren arabera. Gazteak, identifikagarria egiten zuen dokumenturen bat zeraman berarekin eta Vocentok argitu duenaren arabera Foru Aldundiaren tutoretzapean egondako gaztearen identitatearekin bat dator. Hala ere berretsi beharreko egitatea da.

Hipotesien arabera eta aurrekariei begira, gertatutakoa jakin daiteke. Badirudi gaztea gaua pasatzeko edukiontzi batean sartu zela eta ez zela konturatu hondakin kamioiaren etorreraz. 2006an jada 26 urteko argeliar bati berdina gertatu zitzaion eta 2001ean 30 urteko beste migrante bat, bere oihuei esker salbatu egin zen. Azkenengo kasua azaroan izan zen; Irungo Harrera Sarea ezagutarazi zuen gazte batek bizitza galtzeko zorian egon zela kamioiak lo egiten ari zen kontainerra biratu ostean.

Aurreikusitako zorigaitza

Zorigaitza non gertatu den argitu behar den arren, Bilbon urte hasieratik daramate abisatzen Atxuriko kantxen itxiera eta kalean bizi direnek lo egiteko tokiak aurkitzeko aukera eza horrelako eraginak izan dezaketela. Izan ere, hainbat pertsonak ematen dute Atxurin bertan gaua eta urtarrilean hauek hesitu ziren bertan lo egiten zutenei beste aukera bat eman gabe. 

Otsailean udaleko udalbatzan Ongi Etorri Errefuxiatuak eskatu zuen kantxetako hesiak kentzeko baina proposamena ez zen aurrera atera. Martxoan mozorrotutako hainbat pertsonak hauek apurtu eta kendu zituzten. Hala ere, jazarpen poliziala bere horretan jarraitzen duela salatu dute. Ezbeharrarekin batera, atzo 23:00etan poliziak kantxetan lo egiten zeudenak bertatik bota zituzten lo egiteko beste aukeraren bat bilatzera behartuz. 

AZET etxebizitza sindikatuak ere gertaera salatu du, eta errua Bilboko Udalari egotzi dio zuzenean. Udalak aurten pobreen aurkako gerra biziagotu duela salatu du sindikatuak, eta Atxuriko kantxen kasua jarri du adibide nagusitzat. Aurretik esandakoa berriz errepikatu du Etxebizitza Sindikatuak: "Hesiak eta etxerik gabeko pertsonen jazarpena ez dira irtenbide bat. Irtenbide bakarra guztientzako etxebizitza da".