Benetan 'Nagusia' izango den Aste Nagusiko kartel lehiaketa

uriola.eus 2022ko mai. 4a, 12:01

Ekainaren 5era arte Bilboko jaietako irudia izango den kartel aurkezteko aukera egongo da. Lehenengo aldiz online aurkeztuko dira eta bi proiektu aurkeztu ahalko ditu bakoitzak. Irabazlea ekainaren 20an emango da ezagutzera.

Aste Nagusia hurbiltzen doa eta atzera kontaketa martxan jartzeko kartel lehiaketa abiarazi du Bilboko Udalak. Abuztuaren 20an helduko da Marijaia Arriaga antzokiko balkoira bi urteren ostean eta apurka-apurka hiria atontzen hasi da eta horregatik Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak azaldu duen bezala "gai biziagoa, hunkigarriagoa eta pozgarriagoa islatuko duen kartela behar dute".

Jaietako 42. edizio izango da 2022koa eta kartel lehiaketa izango da lehen urratsa. Aste Nagusiko irudia hautatzeko prozesua berrikuntzak dakar aurten. Lehen aldiz online aurkeztuko dira udal webgunean eta sortzaile bakoitzak bi lan aurkezteko aukera izango du ekainaren 5eko 23:59ak baino lehen. 

Aurkezpen prozesu horren ostean, bederatzi kidek osatutako epaimahaiak sei kartel finalistak hautatuko ditu. Ekainaren 8tik 15era herri-bozketa egingo da; bozketa mistoa herritarrek parte hartu ahal izateko bere jaiak definituko duten irudian. Alde batetik herritarrek bere botoa eman ahalko dute presentzialki edo udal webgunearen bitartez eta bestetik epaimahaiak bere iritzia emango du. Ekainaren 20an ezagutuko da irabazlea eta jaietako irudia izateaz gainera, 3.000 euroko saria eramango du 

Baldintzak

Diseinu grafikoaren profesionalek nahiz amateurrek parte ahalko dute, edonongoak eta obrak formatu bertikalean aurkeztuko dira 50cm X 70cm-ko neurriekin. "ASTE NAGUSIA. BILBAO 2022. ABUZTUAK 20-28 AGOSTO" mezua eraman beharko dute originalak eta argitaratuak izan behar diren kartelak.

Irabazlea hautatzerako orduan dibertsitatea baloratuko da eta rolak eta estereotipoak saihestea eskatu da. Kartela osatzeko erabilitako irudiak plagiorik edukiz gero zuzenean erretiratuko dira lehiaketatik. Diseinu grafikoaren eta komunikazioaren munduko bost pertsonak, Udalbatzako hiru ordezkarik eta Bilboko konpartsen ordezkari batek hartuko dituzte balorazio horiek.