Euskararen Etxeko Hostopostoen unibertsoa sortu dute Miren Agur Meabek eta Gastonek

uriola.eus 2022ko mai. 5a, 12:27
Miren Agur Meabe liburua erakusten umeei (Irudia: Euskararen Etxea)

Bilboko Euskararen Etxeko Hostopostoak familia eta Eskola programaren barruan Miren Agur Meabe idazleak eta Gastón ilustratzaileak Hostopostoak eta ilargi-jaia ipuin ilustratua sortu dute

Duela urte bat inguru Hostopostoak egitasmoa sortu zuen Euskararen Etxeak LH1, LH2 eta LH3-ko ikasleei zuzenduta. Hostopostoak ez zuten arimarik eta unibertso bat emateko asmoz, erronka proposatu zien Euskararen Etxeak, Miren Agur Meabe eta Asier Gastoni. Erronkari eutsi eta gaur Hostopostoak eta Ilargi-jaia liburua aurkeztu dute.

Liburuaren hasieran Hostopostoak esnatzen dira, baina bat falta da. Beraren bila ateratzen dira besteak eta bitartean tximeleta urduritzen da ilargi-jaia delako eta oraindik ez dutelako afaria prestatu. Izenburuarekin hitz jokoa erabili dute; izan ere, hosto pila baten gainean lo egiten dute eta haien janari goxoena hostopilak dira. "Sinonimia bizitasuna emateko erabili dut", aipatu du Meabek. Bizikidetza balioa, ingurumenaren balioa, sormen gaitasuna eta liderren eragina nortasunaren garapenean nagusitzen dira ipuinean. 

Euskararen Etxean jarduten duten umeei eta familiei idatzitzako liburuan hiru helburu nagusi bilatu ditu Meabek: hizkuntza eta jolasak lotzea identifikazio emozionalaren bitartez, fantasia elikatzea eta hiriko umeen harreman afektiboa estutzea. Helburu horiek betetzeko bere liburuetan ohikoa den egitura erabili du ipuin honetan Miren Agur Meabek; egoera harrigarri bat, gatazka eta amaiera integratzailea ziklo bat osatzeko irudimenarekin uztartuta. "Hizkuntzaren esperientzia estetikoa erabili dut eta hori bermatzeko hizkera xumea eta zenbait baliabide poetiko", azaldu du idazleak.

Irudien sortzailea Gastón ilustratzaile eta komikigilea izan da. "Joko bat egiteko deitu ninduten Euskararen etxetik eta hortik aurrera Hostopostoei bizitza emate bururatu zitzaien", azaldu du Gastonek. Bera izan da izaki hauen unibertsoa sortu duena, ez zegoelako oso definiturik. "Marraztu dudan politena izan da lan hau" onartu du ilustratzaileak. 

Solasaldia Otxarkoagan

Bihar Pa-Ya kultur elkartean egiten ari diren literatur zikloan parte hartuko du lekeitiarrak. Karmelo Landa, Joseba Sarrionandia eta Edorta Jimenez aritu dira aurretik eta Miren Agur Meaberena azken aurrekoa izango da. Literaturaren Sari Nazionalaren irabazleak, poesiari lotutako bere ibilbideari buruz egingo du berba 18:30etik aurrera.