Etxerik gabeko bi pertsonen heriotza salatzeko kontzentrazioak

uriola.eus 2022ko mai. 5a, 13:04

Zabalgarbiko erraustegian eta Doña Casildako parkean etxerik gabeko bi pertsona hilda agertu direla salatzeko kontzentrazioa egingo da gaur 20:00etan Udaletxean eta bihar 19:00etan Foru Aldundian.

Asteartean etxerik gabeko pertsona baten gorpua agertu zen Zabalgarbiko erraustegian. 20 urteko magrebtar bat edukiontzi batean sartu zen lo egitera eta ez zen ohartu kamioiaren etorreraz. Egun berean, gizon batek Doña Casilda parkeko banku batean mugitzen ez zen pertsona bat aurkitu zuen eta anbulantzia heltzerakoan hilik zegoela konfirmatu zuen; etxerik gabeko beste pertsona bat zen.

Ezbeharra salatu dute kolektibo ezberdinek eta etxebizitzen politikak hiltzen dutela salatzeko kontzentrazioak egingo dituzte gaur eta bihar. Gaur 20:00etan izango da lehena udaletxearen aurrean AZET etxebizitza sindikatuak deituta. Ekidin ahal ziren bi heriotza direla salatu du sindikatuak: "Bi heriotza horiek ez dira zorigaiztoko gertakari isolatuak izan, pobreon kontrako gerraren ondorioa baizik". Bi heriotza hauek salatzeko kontzentrazioa. Bihar, eskubide sozialen kartak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Atxuri harrerak deituta Foru Aldundiaren aurrean kontzentratuko dira.