Gorbeia, Uzturre, Larreineta eta Ganekogorta mendiek disdira egingo dute larunbat gauean, maiatzak 14. Inguruko herrietatik tontorrerantz abiatzeko hitzorduak egin dituzte 19:00etan. Pagasarriko Hesian, Alonsotegiko Mendizain aterpean, Santa Luzian (Laudio) eta Arrankudiagako Ustara auzoan elkartuko dira mendizaleak. Frontal erako argiak eramateko deia egin dute antolatzaileek, argiak urrunetik ikus daitezen.
Bizkaian argizatu nahi duten beste mendia Larreineta da, eta 19:00etan egin dute hitzordua Zugaztietan, funikularraren geltokian. Gipuzkoako Uzturre mendia eta Arabako Gorbeia izango dira asteburuko ekimenaren beste kokapenak.
Uztailaren 2an Pirinioetan
Bi hilabete baino gutxiago geratzen dira Gure Esku Dagoren aurtengo erronka nagusirako. Kataluniatik Euskal Herrira, mutur batetik bestera Pirinioetako mendilerroa argiztatu nahi dute, herrialde bien erabakitzeko eskubidearen aldarria ikusarazteko asmoz.
300 gailur baino gehiagotara igoko dira parte hartzaileak egun horretan. Gailur berdeak eta gorriak bereiztu dituzte, zailtasunaren arabera. Izan ere, azken horiek mendizale trebatuentzako soilik dira. Beharrezkoa da aurrez izena ematea ekimenean parte hartzeko, eta gureesku.eus webgunearen bidez egin daiteke.