Urrats feministak Algortatik Bilbora

uriola.eus 2022ko mai. 17a, 11:04

Bilgune Feministak 20 urte bete ditu aurten, eta ospakizunen baitan, igandean (hilak 22) ibilaldia egingo dute itsasadarraren eskuinaldetik, datorren hileko bigarren asteburuan Oñatin egingo duten topaketa bereziaren atariko gisa.

Eztandak dardara gaitzala. Horixe da urteurren borobilerako Bilgune Feministak hautatu duen lelo nagusia. “Bilbo Handia plaza zaila bezain indartsua izan da azken 20 urte hauetan. Kapitalak forma basatiak hartzen dituen gune hauetan, feministok lehen lerroan izan gara, feministok lehen lerroa hartu dugu, erdigunea hartu dugu. Pentsionistekin hasi eta ikasleekin ere saretzera heldu gara, auzoetan, herrietan, aliantzak sortu eta elkarrekin etengabeko eztandak sortu ditugu”.

Algortako Txiki Otaegi plazan egingo dute hitzordua igandean, goizeko hamarretan, eta bertatik abiatuko dute Deusturaino joango den martxa. 11:30ak aldean Zubi Esekiaren aurrean indarrak hartzeko geldialditxoa egingo dute. Geroago, Erandiora iritsita, hamaiketakoaren ordua izango da, azken tarteari ekin eta Bilbon sartu aurretik. 14:30ak aldera iritsiko da martxa Deustuko Done Petri plazako pilotalekura, eta bertan ekitaldia egingo dute. Jan-edana eta jai giroa ere ez dira falta izango aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko dituen ekitaldian.