Mintza Eguna ospatuko da Hendaian ekainaren 5ean

uriola.eus 2022ko mai. 18a, 10:20

Euskal Herriko Mintzalagun eta euskaltzaleak Lapurdin batuko dira Probatu ez duenak ez daki zer den hau! lelopean. Egun osoko egitaraua prestatu dute eta autobusak antolatu dituzte bertaratzeko. Txartelak salgai egongo dira maiatzaren 30era arte.

Hendaiara helduko da Mintza eguna Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak lehen mintzalagun taldeak martxa jarri zituenetik hogeita hamar urte betetzear dagoenean. 2015tik dabil Mintzaia elkarteak Hendaia euskaldun eta euskaltzale bihurtzen eta gaur egun hiru Mintzalagun talde dabiltza.

Hura ospatzeko egun osoko egitaraua prestatu dute. 6000 pertsonatik gora elkartzen dira Euskal Herri osoan astero mintzapraktika egiteko eta beste 1000 sarean. Mintzanet edo Jalgi hadi mundurako sareen bidez mintzapraktikarako elkartzen diren kideak ere egongo dira 16:15ean egingo den Mintzalagunen topaketan. Era berean, urtero bezala, Mintzalagun talde batzuk omenduko dituzte. 

Beste berrikuntza bat izango du egunak. Euskal Gorrak federazioarekin elkarlanean Euskaltzaleen Topaguneak zeinu hizkuntzako interpreteak jarriko ditu gorrak eta entzumen urritasuna duten pertsonek euskara praktikatzeko.

Euskaltzaleen Topaguneak mintzalagunek euskalduntzeari "sekulako ekarpena" egiten diotela goraipatu du eta Ipar Euskal Herrian euskara zabaltzeko aukera izan daitekeela aipatu du Topaguneak: "Hendaiako esperientzia baliagarria izan daiteke Lapurdiko beste herrietan ere egitasmoa martxan jarri eta iparraldeko euskalduntzean eragiteko". Mintzapraktika zer den ezagutu nahi dutenei, euskaraz praktikatzeko bila dabilenei eta haien herrian euskaraz gehiago egin dadin eragin nahi dutenei Mintza Egunera joateko deia luzatu du Euskaltzaleen Topaguneak. 

Txartelak salgai

Hendaiara heltzeko lau autobus prestatu dituzte leku ezberdinetatik. Hirugarren autobusa izango da Bilbotik aterako dena. 20€ balioko du helduentzako eta 10€ haurrentzako. Horrez gain bazkaria, hamaiketako eta bisita gidatuen tiketa hartzeko aukera dago, prezio berean eta 12€ haurrentzat (haurren txokoa barne), edo hori guztia gehi autobusa hartzeko aukera egongo da (helduak 35€ eta haurrak 20€).

Eguna hasteko ongi etorri ekitaldia egingo da txistulari eta Gaztelu Zahar abesbatzarekin. Gosea pixka bat pasatzeko hamaiketako 12:30ean eta 13:00etan Hendaia ezagutzeko bisita gidatuak. Bazkaria 14:30ean izango da bertsolariek girotuko dute janaria. Arratsaldez 16:00etan haurren txokoa egingo da eta 16:15ean aipatutako esker emate ekitaldia. Azkenik 16:30ean MintzaPoza jolasa egingo da eta egunari amaiera Imuntzo eta Belokik jarriko diote erromeria batekin.