Ariguneei garrantzi handiagoa eman nahi die Euskaraldiak hirugarren edizioan

uriola.eus 2022ko mai. 19a, 10:47

Gasteizen egindako prentsaurrekoaren aurkezpena (Argazkia: Euskaraldia)

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko den Euskaraldian parte hartzeko izena eman dezakete entitateek atzotik aurrera. Euskaraz lasai aritzeko guneak sortzeko deia egin diete antolatzaileek era guztietako entitateei.

Belarriprest eta ahobiziekin batera ariguneak izango dira protagonistak Euskaraldiaren hirugarren edizioan. Pandemia garaian milaka entitatek ariguneak sortu ostean handinahiak dira antolatzaileak eta ariguneak areagotzea helburutzat jarri dute. Atzo eman zuten prentsaurrekoa Gasteizen entitateen izen ematearen irekieraren berri emateko. 2020ko edizioan jada izena eman zutenek eta lehen aldiz izena eman nahi dutenek web orrialde berean egin beharko dute. 

Ariguneek "hizkuntza ohituren aldaketan" eta "euskarazko praktika linguistikoen areagotzean" duten garrantzia azpimarratu dute Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek. Ariguneak hizkuntzaren erabilera "errazten du" antolatzaileen esanetan. Erakunde, enpresa eta elkarteek emandako aurrera pausu eta urrats garrantzitsuak beste batzuentzat baliagarri izan daitezkeela aipatu dute sustatzaileek.

Ahalik eta erakunde gehienetara iristeko asmoz horietako batzuen esperientzia hurbildu zuen atzo Euskaraldiak Gasteizeko prentsaurrekora. Haien testigantza emandako sei erakundeek azpimarratu dute ariguneak oso baliagarriak izan direla euskara era eroso batean erabiltzeko eta euskara nor dakien identifikatzeko ere. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak entitateak parte hartzera animatu eta "ariguneak sortzeko proposamena aztertu eta zer urrats eman ditzaketen pentsatzea" proposatu du. 

Kalera ateratzeko ordua 

Bi urte zailen ostean euskara etxetik ateratzeko unea dela aipatu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak: "kalea hartzeko, gizarte aktibazioa areagotzeko eta euskararen erabilera zabaltzeko aukera izango dugu aurtengo Euskaraldian". Jakinarazi dutenez, herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera izango dute. Parte hartzen duten belarriprest, ahobizi zein entitateen  "hizkuntza ohituretan eragiteko tresnak eskaintzea" izango da aurtengo lehentasunetako bat Urkijok azaldu duen moduan. 

Bingen Zupiria eta Goiatz Urkijorekin batera 2020an parte hartu zuten Osatek, Gaztedi Errugbi Taldea, Oreka IT, Albaitaritza S.A., Bizkaiko Medicus Mundi eta Mondragon Eskola Politeknikoa entitateetako ordezkariak egon dira. Agerraldian egon dira, era berean, Gasteizko  alkateorde eta euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendari Lexuri Ugarte eta GEU euskara elkartea zein Gasteizko  Euskaraldia batzordeko ordezkariak.