Erregularizazioa eskatuko dute kultura aniztasunaren egunean

uriola.eus 2022ko mai. 19a, 16:04

Espainiako Diputatuen Kongresuan aurkezteko 500 mila sinadura lortu nahi dituzte estatuan bizi diren atzerritarren aparteko erregularizazioa ahalbidetuko lukeen Lege Proiektua aurkezteko. Larunbatean, hilak 21, 11:00etatik 15:00etara arte Bilboko Areatzan egongo dira atxikimenduak jasotzen, eta elkarretaratzea ere egingo dute.

Erregularizazioaren aldeko Bizkaiko ordezkaritzatik azaldu dutenez, euskal gizarteari gogorarazi nahi diote justizia soziala bultzatzeko ekintza zehatzik gabe ezin daitekeela egon, UNESCOren kultura aniztasunari buruzko nazioarteko adierazpenak jasotzen duen bezala, "kultura aniztasunaren aitorpenean, gizakien batasunaren kontzientzian eta kultura arteko elkartrukeen garapenean oinarritutako elkartasuna".

Legegintzako Herri Ekimenaren eskariak aurrera egin dezan, adinez nagusiak diren eta espainiar nazionalitatea duten 500 mila sinadura behar dituzte. Lortuz gero, Diputatuen Kongresuan eztabaidatu beharko litzateke gaia. Hala, bultzatzaileek azaldu dutenez, egun "linbo legalean" dauden beste horrenbeste pertsonaren egoera erregularizatzetik hurbilago egongo lirateke.

"Euskal Herria herri anitza dela erakusteko aukera da hau", adierazi dute erregularizazioaren aldeko kanpainaren bultzatzaileek: "Gu, migrante eta arrazializatuok, gizarte berberaren parte eta eskubide osoko subjektu gisa ikus gaitzaten".

Gogorarazi dute, bestalde, pandemian zehar frogatu dela ezinbesteko hainbat zeregin aurrera eramateaz arduratu izan direnak kolektibo horretako kideak direla. "Hala ere, administrazio egoera irregularrean eta lan eta bizi baldintza guztiz zaurgarrituekin jarraitzen dugu".