Bilboko Orkestra Sinfonikoaren mendeurrena ospatzeko mural erraldoia

uriola.eus 2022ko mai. 23a, 16:14

Pablo Astrain artistaren lana Olabeagan dago, eta  BOSen historia irudikatzen du ehun metro baino gehiagoko horma batean.

Orkestrako kideen gaur egungo irudi bat, historian zehar izan dituen zuzendari titularrak (Armand Marsick-ekin hasita eta Erik Nielsenekin amaituta) eta egoitzak (Arriaga Antzokia eta Euskalduna Jauregia) batzen ditu Astrainen lanak.

“Obra honekin, ehun urteko historia hori hurbildu nahi diegu herritarrei, eta jende asko ibiltzen den leku batean kokatu”, azaldu dute udal ordezkariek.

Komikia ere badator

Laster, beste ekimen bat eramango dute aurrera 100. urteurrenaren bueltan: komiki bat, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren ehun urteko historia jasoko duena. Komiki hau, amaitutakoan, Bizkai osoko ikastetxeetan eta liburutegietan banatuko da, eta BOSen web-orrian ere egongo da eskura, PDF formatuan.