Akordioak jasotakoen baitan, hainbat puntutan ikusten ditu arazoak eskola publikoaren aldeko topaguneak. Lehenik eta behin, honakoa kritikatu dute: Euskal hezkuntzaren zerbitzu publikoa ikastetxe publiko eta itunpekoak medio emango da. Taldeak uste du ikastetxeen titulartasunari garrantzia kendu nahi diola testuak: “Baina gure hezkuntza sistemak duen ezaugarririk nabarmenena eta segregazioaren iturri handiena da, hain zuzen ere, ikastetxe pribatuei ematen zaien tratamendu abantailatsua”. Hala, ez dute begi onez ikusten titulartasun eta kudeaketa pribatudun zentroak, itunpekoak izanagatik, zerbitzu publikotzat jotzea: “Interes partikularrak gailentzen direnean, gehienok galtzaile ateratzen gara, sektore zaurgarrienak bereziki”.
Ildo beretik, finantzaketaren bidez eskaintza publikoa areagotu eta hobetu behar dela uste dute, eta alderdi hori akordiotik at geratu izanaren aurka agertu dira gaur.
Bestalde, egun euskal hezkuntzak duen arazo nagusietakotzat jotzen duten segregazioaren gaiari heldu diote. Bada, ez dute uste horrekin amaitzeko ahalmena duenik hezkuntza akordioak, “arazo estrukturalari eusten ez diolako”. Azpimarratu nahi izan dute, bereizketa saiheste aldera, ikastetxe bakoitzak “erantzukizuna bere gain” hartu behar duela.
Planifikazioaren gaiari helduta, proposatu dute eskola eta plaza publiko berriak sortzea eta, horrekin batera, “itunpeko ikastetxeen gehiegizko eskaintzarekin amaitzea” nahiz ikasposturik ez ituntzea plaza publiko hutsak egonez gero.
Euskarari dagokionez, murgiltze eredua defendatzen dutela gogorarazi dute, eta akordioak hori modu argian jasotzea nahiko lukete, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean B2 maila lortu beharko litzatekeela zehazteaz harago.
Amaitzeko, erlijio irakasgaia kendu beharko litzatekeela uste du topaguneak, hezkuntza laikoa defendatzen duten aldetik. Argi adierazi dute aipatutako irakasgaiaren helburua doktrinamendua dela, eta ikastetxe konfesionalak ez liratekeela diru publikoz lagundu beharko.
Hori guztia azaldu ostean, herritarrei dei egin diete ekainaren 5ean Bastidan (Araba) egingo den Euskal Eskola Publikoaren Jaian parte hartzeko.