Emakumeek gerraren aurkako mezua zabaldu dute

uriola.eus 2022ko mai. 25a, 10:23

Bakearen eta Armagabetzearen Aldeko Emakumeen Nazioarteko Eguna, izan zen atzo, eta antimilitarista feministek gerraren aurkako mezua ikusarazi nahi izan zuten Bilboko kaleetan.

Goizez, Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak eta Kakitzat koordinakunde antimilitaristak elkarretaratzea egin zuten Foru Jauregiaren aurrean, eta tortila pintxoak banatu zizkieten bertatik igarotzen zirenei, “ez eman jaten militarismoari” leloari keinu eginez. "Maiatzaren 24an, berriz ere, emakumeak kalera atera gara mundu osoan, justizia sozialean oinarritutako bakea eskatzeko eta egungo gatazka belikoak salatzeko", adierazi dute.

Hala, zergen bidez bildutako diru publikoaren gastu militarra salatu nahi izan zuten, aurten 22.000 eurokoa izan dena estatuan, iaz baino gehiago: “Gastu militarraren gorakadaren aurka protesta egiten dugu, emakumeok egunero pairatzen ditugun arazoei irtenbiderik eman gabe jarraitzen den bitartean”. Ildo horretatik, eragozpen fiskala egiteko deia luzatu dute.

Barne Desplazamenduaren Behatokiaren (IDMC) eta Iheslarientzako Norvegiako Kontseiluaren (NRC) azken txostenaren arabera, 53 milioi pertsonak utzi behar izan zituzten beren etxeak 2021ean; gerra-gatazken ondorioz errefuxiatu gehien izan ziren urtea izan da.

Performancea Arriagan

Arratsaldez, berriz, Armiarma Talde Feminista Antimilitaristaren txanda izan zen. Arriaga plazan performancea egin zuten, “GERRARIK EZ! esateko eta biktima guztiak gogora ekartzeko, baina baita historikoki eta gaur egun emakumeek garatzen dituzten borrokak eta lorpenak ere, bai gerraren aurka, bai horri eusten dion makineria guztiaren aurka”. Hala, gerra gizateriaren aurkako krimena eta indarkeria matxistak maximizatzen diren agertokia dela erakutsi nahi izan zuten.

Bonben etorrera iragartzeko sirena hotsak bozgorailuetan jarri, eta munduan barrena aktibo dauden hainbat gerra eta gatazka izendatzen zituzten kartelekin osatu zuten performancea, jendearen arreta erakarri zutelarik.

“Feministek elkartasuna adierazi nahi izan diete, bereziki, testuinguru horietan guztietan eta beste batzuetan, gaur eta atzo, gerrari aurre egin dioten emakumeei, indarkeriarik ezaren bidetik lan eginez eta Bakea eraikiz, gatazkei aurrea hartzeko eta bake-negoziazioetan eragiteko beren espazioa eskatuz”, adierazi zuten performancearen ostean irakurritako manifestuan. Goizeko ekintzan bezala, gastu militarra gaitzetsi dute, Euskal Herritik gerra eraikitzea delako.