Afro-euskaldunak izateaz harro

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko mai. 25a, 14:23

Afrikaren Nazioarteko Eguna da gaur, maiatzak 25. Bada, Bilboko afrikar diasporako kideak, elkarteak zein lagunak batuko dituen jardunaldi bereziak antolatu dituzte horren harira, bosgarren aldiz.

Igandean hasi zituzten Afrikaren Egunaren bueltako ekimenak, lagunarteko futbol txapelketa batekin. Gaur, berriz, Zorrotzaurreko La Terminal gunean izan dute hitzordua. Jardunaldien aurkezpena eta Afrikaren eta Europaren arteko lankidetzaz hausnartzeko helburua izan duen solasaldia egin dituzte. Goizetik eguerdira arteko saioa izan da gaurkoa, baina egitarau bereziak asteburuan izango du jarraipena.

Aurtengo Afrikaren Eguneko komunikatuaren irakurketan, batetik, mendebaldeak Afrikar kontinenteko baliabideez egiten duen ustiapena zein legez kanpoko finantza fluxuak salatu nahi izan dituzte. Izan ere, gaiaz argitaratutako azken txostenaren arabera, Afrikak urtean 50.000 dolar galtzen ditu horrelako mugimenduen ondorioz: “Munduak Afrikan ustiatutako mineralekiko menpekotasuna dauka aurrerakuntza teknologiko eta industrialetarako, baina Afrika kontinenteak ez du bere lurretatik ateratako aberastasunaren zati justua jasotzen”. Gainera, ustiapenok ingurumenean eta gizartean eragiten dituzten kalte larriak nabarmendu dituzte, hala nola segurtasun eza, gerra eta pobrezia.

Ghanako presidente Nana Akufo-Addok Nazio Batuen Erakundearen asanblean esandakoak ekarri dituzte gogora, zeinetan Afrikak “karitate eta dohaintzetatik kanpoko ekonomiak” eraiki nahi dituela adierazi zuen. Hala, nazioek eta erakundeek munduko finantza sistema berrikusi eta lankidetzari buruzko hausnarketa egin behar dutela azpimarratu dute Bilboko topaketan, gaur egungoa aspaldi zaharkitu zela argudiatuta, “etorkizuneko berdintasun, elkarrekikotasun, ekitate, jasangarritasun eta oparotasun kolektiboan oinarrituta”.

“Afro-euskaldunak izateaz harro gaude”, azpimarratu dute diasporako kideek, eta euskal insituzioei dei egin diete harrotasun hori partekatu eta arrazakeriaren eta ezberdintasunen aurkako borrokan laguntzeko, bizikidetza baketsua eta aniztasunean oinarritua eraikitze aldera: “Gure hiria kulturarteko Bilbo handi bihur dezagun guztion artean”.

Asteburuko egitaraua

Arestian aipatu bezala, Afrikaren Egunaz harago joango da egitaraua. Hala, ostrial arratsaldean, besteak beste, artisautza eta moda izango dira nagusi, baita dantza ikuskizunak ere. Larunbatean ere jai giroa izango da nagusi, goizez hasi eta gaueko ordu txikietara arte. Kalejira, mahai-inguruak, herri bazkaria eta kontzertuak egongo dira, besteak beste. Jarraian ikus daiteke asteburuko egitarau osoa:

Maiatzak 27, ostirala

  • 17:00 Irekiera, erakusketa eta artisau azoka
  • 18:30-21:00 Afrikako moda desfilea eta zuzeneko emanaldiak: Isaac Leroux+Marina Lays+Etoile Magik. Felix Bandeira (Kizomba)+Quinndy (Afrobeat)+Quid-arte (Dantza orientala)

Maiatzak 28, larunbata

  • 11:30 Afrikako deia danbor hiztunekin
  • 11:30-12:00 Afrikaren ereserkia/Manifestuaren irakurketa.
  • 12:00-12:30 Kalejira barrutian zehar
  • 12:30-14:00 Mahai-ingurua: Berdintasunaren aldeko borrokaren bilakaera kontinentean eta diasporan. Remei Sipi, Hilaria Vianeke, Marcelle Mardon / Moderatzailea: Lidia Kinson
  • 14:00-16:30 Herri bazkaria (Afrikako arroza oilaskoarekin eta gehiago)
  • 16:30-17:30 Perkusioa eta Senegaleko dantza Mlomp Elkartearekin
  • 17:30-19:30 Hitzaldia: Diasporan dauden Afrikarren egoera. Antumi Toasije, Guillem Balboa, Emgaili Jatri / Moderatzailea: Jolie Mputola
  • 19:30-20:00 Ipuin kontalaria
  • 20:00-21:00 Afrosesión / Afrodance Quinddyrekin
  • 21:00 Kontzertuak: Afrika Bibang / Chris Nseng / Gun Flow / Denjah Man / Sinua & Itsua
  • 22:00-01:00 Amaiera musika eta dantza saioarekin. Follow the party & Slimdaze