EUSKARAREN ERABILERA DATUAK

%3,5ekoa da euskararen kaleko erabilera Bilbon

uriola.eus 2022ko mai. 26a, 09:46

Hala jasotzen du Soziolinguistika Klusterrak 2021ean egindako ikerketaren emaitzak biltzen dituen txostenak. Euskal Herri mailan, zortzi herritarretik bat aritzen da euskaraz.

Duela sei urteko datua errepikatu da 2021eko txostenean ere. Euskararen erabilera, Euskal Herrian, %12,6koa da kalean. Neurketak egiten hasi zirenetik (1989an), 2006an jaso zituzten daturik onenak (%13,7), eta hurrengo hamar urtean beheranzko joera izan ostean, erabilera antzera mantendu da azken bost urteetan. Lehenengo neurketa harekin alderatuz, Bilbon puntu bat igo da euskararen kale erabilera azken 32 urteetan.

Hiriburuetako datuei erreparatuta, Bilbon erabilera %3,5ekoa da, eta hirugarren postuan dago, Donostiaren (%15,2) eta Gasteizen (%4,1) atzetik. Ondoren datoz Iruñea (%2,7) eta Baiona (%2,5). Donibane Lohizuneko eta Mauleko datuak ez dituzte bereizita aurkeztu.

Soziolinguistika Klusterraren txostena aurkezteko agerraldia (Argazkia: Soziolinguistika Klusterra)

Gasteizen eta Bilboren kasuan, gainera, euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen kaleko erabilera azpimarratu du Soziolinguistika Klusterrak. Bilbon, zehazki, %4,4koa da datua. “Hiriguneek jatorri atzerritarreko biztanleriaren bizileku bezala eta turismo gune bezala ezaugarri bereziak dituztela kontuan hartu behar da”, nabarmendu dute datua testuinguruan jartze aldera.

Erabilera “gaztetzen” ari dela dio Soziolinguistika Klusterrak; izan ere, haurrak dira euskara gehien darabiltenak.

Bizkaian, %9,4

Lurraldeka banatuta, Bizkaia euskara gehien entzuten den bigarren eremua da, %9,4ko datuarekin. Igoera nabaritu dute aztertzaileek 2016ko azken neurketatik, orduan 0,6 puntu beherago baitzegoen. Arabarekin batera, goranzko joera izan duen lurraldea da, gainerakoetan beherantz egin baitu.

Hala ere, erabilera orokarren lehenengo postuan, alde nabarmenarekin, Gipuzkoa dago (%30,6). Hirugarren, Nafarroa (%5,9), eta azkenik Ipar Euskal Herria (%4,9) eta Araba (%4,8).