Hari gorriari tiraka jarraitzeko asmoz

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko mai. 26a, 11:28

Bizkaia Hari Gorria ekimenak atzoko eta gaurko borrokak lotzea du helburu. Bada, ekainaren 18an, Bizkaia faxisten esku erori zeneko 85. urteurrenaren bueltan, Bilbon egingo duten ospakizun eta aldarrikapen egunean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Egun osoko egitaraua prestatzen dabiltza ekainaren 18rako Bizkaia Hari Gorria Ekimeneko kideak, eta hitzordu nagusia 17:30ean izango da, Areatzatik abiatuko den martxa, hain zuzen. Hala eman zuten jakitera atzo egindako agerraldi jendetsuan, zeinaren bidez herritarrei dei egin baitzieten parte hartzera. Gainera, bandera, kamiseta eta, oro har, borroka ezberdinen ikurrak eramateko eskatu dute, baita mezua zabaltzeko ere, “jendetsua, alaitsua, konbatiboa izatea nahi dugulako”.

Martxoan jarri zuten martxan Bizkaia Hari Gorria dinamika, “memoriaren fokua zabaldu eta segida emateko konpromisoan elkarturiko norbanako ugariz osatua”, bozeramaile lanetan aritu den Ibai Altzagak adierazi duenez. “Sufritzen dakigunak gara, historiak hainbat aldiz erakutsi digun bezala. Baina ez dugu etsitzen; mila eta bat aldiz altxatzen dakigunak ere bagarelako”, gaineratu du.

Beraz, gure aurrekoen memoria zaindu eta egungo borrokekin lotu nahi ditu dinamikak. Nabarmendu dute, esaterako, bere garaian gerratik ihesi Habana itsasontzian joan ziren haur horiek bezala, egun hainbat txokotatik jendea geurera iristen dela. Garai bateko Labe Garaietako edota Euskalduna ontziolako borrokak ITP edo Alconzakoekin parekatu nahi izan dituzte, eta horien guztien komunitate izaera azpimarratu. “Izan ere, balio handia du nondik gatozen ezagutzeak, nora goazen jakiteko”.