Euskararentzat eremu komunak sortzeko hitzarmena sinatu dute Espainiako senatuak eta Euskaltzaindiak

uriola.eus 2022ko mai. 26a, 13:53

Ander Gil Goi ganberako presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute eta elkarlanean egin beharreko zenbait egitasmo jasotzen ditu akordioak. Argitalpenak argitaratzea, lege-testuak itzultzen laguntzea edo Espainiako Estatuko hizkuntza-ondareari buruzko erakusketa bateratua antolatzea.

Espainiako estatuko hizkuntza-ondarearen ezagutza handiagoa sustatzeko eta kultura-aniztasunarekiko errespetua ahalbidetzeko akordioa sinatu dute Madrilen, senatuak eta Euskaltzaindiak. Senatuko presidenteak berezko hizkuntza ofizialak dituzten autonomia-erkidegoetako hizkuntza-akademiekin bultzatu nahi duen lehen akordioa izan da. Era honetan, lurralde-ordezkaritzako ganberak akordio horiek errespetatzen eta babesten lagunduko du. 

Erakunde arteko lankidetzaren bidez eremu komunak sortu nahi dira Estatuko hizkuntzentzat. Gaur goizean Ander Gil Lurralde Ordezkaritzako Ganberako presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatutako akordioaren arabera Senatuak eta Euskaltzaindiak euren artxiboak, liburutegi eta dokumentu-funtsak erabiltzea errazago izango dute, eta argitalpenak batera argitaratzea erabaki ahal izango dute.

Bestalde, bi instituzioek garrantzi bereziko lege-testuak itzultzen eta euskararen erabilera zuzena sustatzen lagunduko dute. Materialak hizkuntza horretan sortuko dituzte, formatu digitalean eta paperean. Akordioaren harira, Ander Gilek, hizkuntzek gure lurraldean duten garrantzia azpimarratu du: “Gure hizkuntza-aniztasuna, Konstituzioan jasoa eta babestua, guztiona den ondarea da, eta denoi dagokigu babestea. Balio sozial eta kultural handia du, eta ezin da inola ere jaurtitzeko arma bihurtu”.

Ildo beretik, pozik agertu da Andres Urrutia euskaltzainburua akordioarekin: “Hitzarmen honek aspalditik geneukan lankidetza berresten du”. Gogoratu du Espainiako Konstituzioaren 25. urteurrenean euskara batuaren aurrerapen terminologikoak, lexikografikoak eta pragmatikoak kontuan hartu zirela euskarazko konstituzio-testuaren erreforman. Amaitzeko beste hizkuntzekin elkarlanaren alde egin du: "Esparru erkideak sortu nahi dira euskararentzat eta Espainiako Estatuan hitz egiten diren beste hizkuntza batzuentzat”.