Energia publikoa eta aberastasunaren banaketa aldarrikatu dute ehunka pertsonak

uriola.eus 2022ko mai. 27a, 09:39
"Bizitza duinak ez du preziorik" lelopean egindako manifestazioa (Argazkia: LAB Bilbo)

"Bizitza duinak ez du preziorik" lelopean manifestazioa deitu zuen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Energiarako eskubidea bermatzea, zerbitzu publikoen defentsa eta aberastasunaren banaketa aldarrikatu dituzte, besteak beste. 

Ehunka pertsona manifestatu ziren atzo arratsaldean Bilbon, prezioen igoerak dakarren pobretzea salatzeko. Inflazioaren jatorria egiturazkoa dela kritikatu dute, eta ez gerraren ondorio bat, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan banatzen ari dela kritikatu dute eta egoerari buelta emateko argi utzi dute mobilizatuko direla.

Manifestazioaren amaieran irakurritako oharrean KPI-aren igoera sistema kapitalistaren berezko espekulazioagatik edo elektrizitatearen prezioak finkatzeko sistemagatik dela kritikatu dute eta ez gobernuak emandako arrazoiengatik: "Iazko inflazioa ( % 6,5) koiunturala zela esan ziguten. Eta orain, urte arteko KPIa % 9,8ra iritsi denean, Putinen eta Ukrainako gerraren errua dela esaten digute. Hori ere ez da egia".

Azaldu zuten moduan milaka langilek, pentsiodunek edo prestazioak jasotzen dituzten pertsonek, bereziki emakumeek, gazteek eta pertsona migratuek pobreziaren atalasearen azpitik diru-sarrerak badituzte ere, arazo hori okerrera doala kritikatu dute: "Botere ekonomiko eta politikoek pobrezia zabaltzen jarraitu nahi dute, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen". Bestalde, zergak jaistearen aukerak sistema publikoa "are gehiago eraistea" ekar dezakeela aipatu dute. 

Aldarrikapenak "pobretzearen aurrean"

Egoera honi buelta emateko mobilizatzea eskatu dute eta hainbat aldarrikapen plazaratu dituzte. Langileen erosahalmenari eusteko "soldatak eta pentsioak defendatzea eta produktu energetiko guztien prezioak kontrolatzea eta mugatzea" aldarrikatu du Eskubide Sozialen Kartak. Energiarako eskubidea bermatzeko energia-sektorearen publifikazioa eta bidezko trantsizio ekologikoa aldarrikatu dute. 

"Bada garaia zerbitzu publikoak garatzeko, oinarrizko eskubide sozialak bermatzeko, hala nola osasuna, hezkuntza, zaintzak edo etxebizitza", aldarrikatu dute. Bestalde, kalitatezko etxebizitzarako sarbide unibertsala, pentsio sistema publikoa indartzea eta bermatutako oinarrizko errentan Kartatik egindako HEL-a kontuan hartzea eskatu dute.

Azkenik "bizitza duina bermatzeko, aberastasunaren banaketa" eta burujabetzan aurrera egitea eskatu dute. Aldarrikapen hauek guztiak "Euskal Herrian lan egin, duintasunez bizi eta erabakitzeko tresnak garatzeko" behar direla azpimarratu dute manifestazioaren amaieran.