Labana taldea

“Bizi izandako estuasuna eta amorrua islatu nahi izan ditugu diskoan”

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko mai. 27a, 12:15
Labana taldeko kideak: Ainhoa Unzueta, Virginia Fernandez, Asier Zugadi eta Maria Arriaga (Argazkia: Labana taldea)

Labana rock taldea 2019. urtean sortu zen, eta bi disko grabatu dituzte dagoeneko: Blacklist (2019) eta Bang bang (2021). Virginia Fernandezek (ahotsa), Asier Zugadik (baxua), Maria Arriagak (bateria) eta Ainhoa Unzuetak (gitarra) osatzen dute laukotea. Azken horrek eman dio Bilboko Uriolari taldearen nondik-norakoen berri.

Non entseatzen du Labana taldeak?

Hexen taldetik gatoz, eta Hexenekin Bilbon entseatzen genuen, aldi bakoitzean espazio ezberdin batean. Gerora, Labanarekin serioago jartzen hasi ginenean, lekuz aldatzen ez ibiltzearen beharrizana ikusi genuen, batez ere sonoritateagatik. Geroz eta garrantzi handiagoa ematen hasi ginen gure soinuei, eta lokal ezberdinetan egotean, material ezberdinarekin jotzen duzunez, soinua beti aldatzen da. Beraz, aukera ona iruditu zitzaigun Gernikako Iparragirre Rock Elkartean sartzea. Elkarte autogestionatua eta aretoa da, eta kontzertu egitarau oso interesgarria dauka. Bertan entseatzen dugu orain.

Hexen aipatu duzu, agian punk-oi! estilotik hurbilago zegoena. Labanarekin aldaketa bat egon da? Norantz jo duzue?

Bai, aldaketa bat egon da, eta nabarmena da. Ez bakarrik estetikoki, sonoritate aldetik ere bai. Momentu batean, gutariko bat atzerrira bizitzera joan zenez, Hexen geldirik utzi behar izan genuen. Beraz, instrumentu bat gutxiagorekin gelditu ginen. Konposatzen hasi ginela, instrumentuz aldatzen ere hasi ginen, eta hori abestietan asko igartzen hasi zen. Azken finean, talde bat garen arren, lagunak garen arren eta ia-ia batera hazi garen arren, bakoitzak bere eraginak ditu, eta hori oso erraz estrapolatzen da instrumentura.

Ia-ia batera hazi garen arren, bakoitzak bere eraginak ditu, eta hori oso erraz estrapolatzen da instrumentura

Hexen emakumez osatutako taldea da, eta Labanan ere gehiengoa zarete. Salbuespena izaten jarraitzen du?

Ni ez nintzen egon Hexenen sorreran, baina Labanari forma ematen hasi ginenean, Jone zegoen gurekin, jada ez dagoena. Eta gure asmoa ez zen inondik inora izan pertsona bat gehitzea emakumea izateko baldintzarekin. Salbuespena den ala ez, ez dakit. Gu pertsonak gara; lehenik eta behin musikariak, eta gero emakumeak. Ez diogu emakumeen nortasun hori eman nahi izan bereziki.

Naturalki atera den zerbait izan da, beraz?

Bai, eta oso pozik gaude gaudenokin.

Bang bang diskoa atera duzue berriki. Zer nolako harrera izaten ari da?

Bang bang EP txiki moduan aterako dugu. Lau abestik eta intro batek osatzen dute, eta udan grabatu genuen, Bilboko Promete Puñal estudioetan. Abestiak 2021. urtearen amaieran argitaratu genituen formatu digitalean, baina oraindik ez dauzkagu formatu fisikoan. Izan ere, pandemiaren ostean talde mordo bat sortu dira, eta jada bazeudenak ere berriro grabatzen hasi dira. Beraz, fabriketan kristoren kolapsoa dagoela nabari da. EP hori orain iritsiko zaigu, ekainaren hasieran.

Lehenengo lana ere binilo formatoan atera zenuten, ezta?

Hori da. 2019an izan zen, Blacklist izena du, eta binilozko EP formatuan atera genuen. Lan laburtxo bat da, Urtzi Izaren estudioetan grabatua. Eta bigarrena ere, esan bezala oraintxe dator, eta indarrez gainera. Oraingo irekierari esker, behar bezala aurkeztu ahal izango dugu. Egia da lehena argitaratu bezain pronto itxialdia egon zela eta ezin izan genuela behar bezala aurkeztu.

Oraingo irekierari esker, behar bezala aurkeztu ahal izango dugu diskoa

Zer nolakoa izaten da horrelako lan bat prestatzeko prozesua?

Azkenengo hau apur bat berezia izan da, tokatu zaigun sasoiagatik. Azken finean, bakoitzak bere etxetik landu behar izan duen zerbait da, lehen lokalean naturaltasunez ateratzen zen hori. Beno, naturaltasuna mantentzen du, baina ezberdina izan da, beste lan dinamika bat jarraitu behar izan dugu eta.

Egoerak hala behartuta.

Hori da, bai. Baina egia da nabaritzen dela bizi izan dugun estuasuna, amorrua… eta hori islatu nahi izan dugu diskoaren soinuan eta estetikan. Ateratzen denean ikusiko duzue oso iluna dela. Eta alde bisualera ere eraman dugu hori. Angelak egin digu diseinua, Gernikako artista batek. Soila izan zedin eskatu genion: sinplea, iluna, garajeroa

Ekinez jaialdian joko duzue ekainaren 11n, Bergaran, punk-rock eszena osatzen duten talde askorekin batera. Gogotsu?

Sekulako gogoa daukagu. 5.000 pertsonaren aurrean joteak eta horrenbeste jenderen artean egoteak kristroren energia ematen du. Horrenbeste talderekin agertokia partekatzeagatik ere oso pozik gaude. Gainera, asko lagunak dira. Ziur mordo bat disfrutatuko dugula backstagean. Hori dela eta, antolakuntzari eskerrak ematea gustatuko litzaidake: Biruri, Olliri… sekulako lana egiten ari dira, eta benetan uste dut beharrezkoa dela Euskal Herrian pertsona horren animatuak egotea. Izan ere, underground eszenak halako figurak behar ditu taldeak eta eszena bera mugimenduan jartzeko.

Euskal eszena aipatu duzunez, horren erakusgarri gisa argitaratutako Kaosa Euskal Herrian bilduman parte hartu zenuten abesti batekin. Nolakoa izan zen?

Bai, lehenengo edizioan parte hartu genuen. Estudioan sartuta geundela proposatu ziguten. Gure asmoa zen bost abesti grabatzea eta bostak lehenengo EP horretan argitaratzea. Baina erabaki genuen abesti bat sartzea Kaosa Euskal Herrian-en, kristoren aukera ikusi genuelako eta gauza polita zelako. You are next hautatu genuen, geneuzkanen artean pixka bat ezberdina zelako. Eta hortxe dago.

Pozik emaitzarekin?

Bai, bai, erabat.

Gaztetxe bateko edo leku txiki bateko berotasuna ez da beste inon topatzen

Uda badator. Baduzue kontzerturik lotuta?

Data dezente ditugu, egia esan. Dena den, oraindik baditugu leku hutsak egutegian, norbaitek deitu nahi izan ezkero [barrez]. Ekainaren 10ean Gasteizen joko dugu, Txagorritxuko jaietan, Screamers and Sinners eta talde gehiagorekin batera. Hurrengo egunean Bergaran, Ekinez jaialdian. Hilaren 23an Iruñean joko dugu, eta 26an, Sopelan. Beste batzuk ere badaude, baina oraindik ezin ditugu iragarri.

Nolako lekuetan jo ohi duzue?

Batez ere gaztetxeetan. Azken finean, ez dugu jotzeko aukera askorik izan, ezta kontzertu handiak egiteko ere.

Zuen gustuko tokiak dira gaztetxeak?

Ez nuke aldatuko, egia esan. Noizean behin leku ezberdinetan jotzea ondo dago, baina gaztetxe bateko edo leku txiki bateko berotasuna ez da beste inon topatzen.