Egoitzetako langileek borrokan jarraitzen dute

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko mai. 30a, 13:51

Protesta eguna izan da gaur Bizkaiko nagusien egoitzetako langileentzat. Greba eguna izan da, eta aldarrikapenak kalera atera dituzte sindikatuek, deialdi bateraturik egon ez den arren. ELAk manifestazio jendetsu bezain zaratatsua egin du eguerdian. Goizean berriz, LABek Batzar Nagusien aurrean eserialdia eta elkarretaratzea egin du, eta CCOO eta UGT aldundiaren Kale Nagusiko egoitzaren kanpoaldean batu dira.

ELA sindikatuak deituta, manifestazioa egin dute goizean Bizkaiko egoitzetako langileek, Deustun dagoen Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren egoitzatik abiatu eta foru jauregiaren aurrean amaitu dena. Sergio Murillo diputatuari beste behin ere eskatu diote langileen ordezkariekin bildu eta haien eskakizunei jaramon egiteko.

Dagoeneko ezagun bilakatu diren kamiseta berdeak soinean, kalitatezko zaintzaren aldeko aldarrikapenak oihukatu dituzte hiriburuko kaleetan zehar. Grebak jarraipen zabala izan duela azpimarratu du ELAk, nahiz eta, aurreko deialdietan bezala, ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkotzat jo dituzten; izan ere, %80 ingurukoak izan dira.

“Langileek urte eta erdi baino gehiago daramate hitzarmenik gabe, lan karga onartezinak dituzte eta langile faltagatik esplotazio baldintzetan daude, egoiliarren mendekotasun premiei erantzuteko ratio eskasak dituztelako”, azaldu du sindikatuak. Hala, hobekuntzak eskatu dituzte beharginen eros-ahalmena bermatzeko, kontziliazio arlorako, lan osasunerako, berdintasun planak egiteko, langile gehiago kontratatzeko, ordezkapenetarako nahiz egonkortasuna lortu ahal izateko. “Patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak defendatzen duten eredua honako hauek dira: soldatak izoztea, lehen egunetik langileak ez ordezkatzea, enplegua ez finkatzea, lanaldi partzialak mantentzea, eta berdintasun planak edo lan osasuneko gaiak ez lantzea”, dio ELAk.

LAB eta UGT-CCOO ere protestan

LAB sindikatuko egoitzetako langileak ere greba egin dute gaur. Hala, Batzar Nagusien aurrean eserialdia eta kontzentrazioa egin dute, uste baitute beharrezkoa dela lan gatazka honetan aldundiak esku hartzea. Enpresaz enpresa lanketa egiten aritu ostean, ziklo berri baten hasiera iragarri du sindikatuak, mobilizazioen intentsitatea areagotzeko asmoa dutela esan dutelarik: “uda ostean, gatazka hau erdigunean kokatu nahi dugu”.

Ordainsariak sektoreko gainerako beharginen soldatekin parekatzea eta ratio “duinagoak” ezartzea dira sindikatu abertzalearen eskakizun nagusiak, eta borroka aldi berri honekin batera batasun sindikala bilatzen ahaleginduko direla ere aurreratu dute.

UGTk eta CCOOk elkarrekin egin dute kontzentrazioa Foru Aldundiaren aurrean, hitzarmenaren negoziazioaren gaineko blokeoa eten dadila eskatzeko asmoz. “Pandemiak areagotu egin ditu lehenago ere bazeuden arazoak. Borrokan ari gara arreta ratioa hobetzeko borrokan, lan-kargak arintzeko, lanaren eta familiaren arteko kontziliazio neurriak ezartzeko, absentziak estaltzeko eta laneko osasunari lotutako neurriak hobetzeko”, dio UGT Euskadiko Marili Granadok.