Bideojokoetara euskaraz hurbiltzeko aukera gero eta errazagoa da Azkue Fundazioaren eta Game Erauntsia Elkartearen eskutik. 2018tik urtero egiten dira Jokoteknia Euskal Bideojokoen jardunaldiak eta lehenengo hiru edizioetan gertatutako guztia liburu bakar batean bilduma gisa islatu nahi izan dute. bideojokoetara euskaraz hurbiltzea ahalbidetzen duten jardunaldiak idatziz biltzea eta zabaltzea ezinbestekotzat jo dute argitaratzaileek.
Editorea, Maitane Junguitu izan da eta berak aurkeztuko du liburua bihar 18:30ean. Berarekin batera liburuaren atal baten egilea egongo da; Itziar Zorrakin, gameplay programatzailea eta itzulpengintza doktoregaia. Aurkezpenarekin batera paperezko liburuaren bi zati zozkatuko dira.
Hamalau atal ditu liburuak guztira. Bost bi lehenengo urteetako bakoitzetik eta lau 2020ko hitzaldietatik aterata. Bideojokoekin lotuta, gaia anitzak dira urtetik urtera. Euskal bideojokoen historia, ekoizpena, diseinua eta animazioa, itzulpengintza eta lokalizazioa, kontserbazioa eta feminismoa lantzen dira argitalpenean, besteak beste. Euskal Herriko autoreez gain, nazioarteko enpresetako langileen, Frantziakoen eta Kataluniako langileen ekarpenak batu dira bilduman.
Argitalpen honek etorkizuneko lanei ireki die atea. 2022ko jardunaldiak prestatzen ari dira jada Azkue Fundazioa eta Game Erauntsia Elkarteak eta 2021ekoekin batera, aukera bat da bi urte hauen hitzaldien lanarekin bigarren liburuxka bat ateratzea. Lehenengoa, Bizkaiko liburutegi guztietara bidaliko dute eta kopia digitala PDFn dohainik zabaldu dute.
Genero arrakala apurtzen
Bi elkarteek autoreen artean dagoen emakumeen presentzia nabarmendu dute "bideojokoen arloan ere oraindik genero arrakala egonda". Hiru emakume batu dira guztira liburuaren sorrerara: Jone Zalduegi Urresti Emoki Elkarteko Hezkidetza eta sexualitate arloko arduraduna; Itziar Zorrakin Goikoetxea gameplay programatzailea eta UPV/EHUko itzulpengintza doktoregaia eta Laura Santamaria Universitat Autònoma de Barcelona-ko ikus-entzunezko itzulpen irakaslea. Gainera editorea ere, emakumea da.