Goizeko zortzietan hasi eta eguerdiko ordubietara arte luzatuko da datorren asteazkeneko irrakurraldia. Eta lehen lerroak irakurriko dituena, nola ez, Ramon Saizarbitoria bera. Haren ostean, 210 pertsona inguru igaroko dira mikrofonoaren aurretik, “euskal gizartearen arlo guztietako jendea”, euskaltegiko ordezkari Arantza Camarerok azaldu duenez. Hala, egun erdiko iraupena izango du saioak, pandemiaren gorabeherak tarteko aurten ere formatu murriztuarekin jarraitzeko erabakia hartu baitute. Hala, Covid krisiaren aurretik 12 ordu ingurukoa izaten zen arren, oraingo honetan sei ordukoa izango da irakurraldia.
Antzokiaren kanpoaldean irakurraldia zuzenean emango duen pantaila erraldoia jarriko dute, eta EITBren webgunearen bidez jarraitzeko aukera ere egongo da.
Aurrez aurrekoaz gain, alderdi birtuala ere izango du Irakurraldi Etenik Gabearen 15. Edizioak. Hala, Bilboko institutuetako ikasleek hartuko dute parte, pasarteen irakurketak grabatuta. Horrez gain, 50 euskal etxeren bitartez, diasporako irakurleek ere ez dute hutsik egingo.
Hitzaldi zikloa
Egun seinalatuaren aurretik, baina, egongo da Martutenerekin loturiko hitzordurik. Otsailean egin zen eleberriaren bueltako hitzaldien lehenengo txanda, eta bigarrena ekainaren 6an eta 7an izango da. Lehenengo egunean Pilar Kaltzadak, Joseba Sarrionandiak eta Aingeru Epaltzak parte hartuko dute, eta bigarrenean, berriz, Laura Mintegik eta Ur Apalategik. Solasaldiak Euskaltzaindiaren Plaza Barriko egoitzan izango dira, 19:00etan hasita.
Aro baten amaiera
Ez da Irakurraldi Etenik Gabeak Saizarbitoriaren lan bat protagonistatzat duen lehen aldia izango. Izan ere, Hamaika pauso lana irakurri zuten 4. edizioan, 2011. urtean. Martutene 1989tik 2012ra hedatzen den garaiari amaiera ematen dion eleberritzat jo dute antolatzaileek, eta “agortezina” dela uste dute, aukera ematen duelako “euskal mundua definitzen duten diskurtso gehienak interpretatzeko”. Hala, orain arteko garaia eta etorkizuna harilkatzeko ikur gisa deskribatu du Arantza Camarerok liburua.
Martutene 1989tik 2012ra hedatzen den garaiari amaiera ematen dion eleberritzat jo dute antolatzaileek, eta “agortezina” dela uste dute
Donostiako Martutene auzoan kokatuta dago kontakizuna, eta bikote harreman bitik tiraka, euskal gizartea egituratzen duten hainbat gairi heltzen die idazleak.
Ramon Saizarbitoriak berak parte hartu du Irakurraldi Etenik Gabearen aurkezpenan, eta onartu du “ohorea” den arren bere lana aukeratu izana, “lotsa apur bat” ere ematen diola.
Aurkezpenean, euskal literaturaren, gizartearen zein euskararen atzoko eta gaurko egoerak izan ditu hausnarketagai Saizarbitoriak. Hala, hizkuntzaren kasuan, normalizaziorantz jo izanaren ilusioa dagoela nabarmendu du, baina azpimarratu du egunerokoan behin eta berriro gezurtatzen dela hori. Sasoi batean euskara militantziari eta joera politikoari hertsiki lotuta egotetik, beste muturrera igaro eta askorentzat betebehar huts izatera igaro dela adierazi du donostiarrak: “Nekea nabari dut nire inguruan (…). Euskara jada ez da gu egiten gaituena. Askorentzat, oposaketetan puntuak lortzeko hizkuntza da”. “Garapen zehar-kalteak” omen dira, sortzailearen ustez. Horri lotuta, nabarmendu du duela urte batzuk euskaraz sortutako literatur lanak ia sekula itzultzen ez ziren arren, orain, sarri askotan, ia aldi berean argitaratzen direla euskaraz eta gazteleraz. Horrek, beraz, hizkuntza gutxitua hegemonikoarekin lehiatu beharra ekarri du.
Saizarbitoria: "Euskara jada ez da gu egiten gaituena. Askorentzat, oposaketetan puntuak lortzeko hizkuntza da”
Egin duen beste hausnarketetako bat euskara batuari buruzkoa izan da. Ezkor mintzatu da, ikusten baitu egungo gazteek sarri arbuiatu egiten dutela. Bada, nabarmendu du hastapenetan lan handia egin behar izan zela jarrera oso ezberdinetatik zetozenak ados jarri eta hizkuntza estandarra plazaratu, bultzatu eta sustraitzeko. Aldiz, uste du gaur egun “jatorkeria” gailentzen dela maiz, “norbere baserriko euskara” lehenesten delarik, ahaztuta euskaldun gehienak batuarekin alfabetatu direla eskolan eta elkarren artean ulertzeko tresnarik eraginkorrena dela. “Beti uste izan dut euskara prestigioari lotuta salbatuko dela”, adierazi du ildo beretik. Hala, aurkezpenean tonu ezkor samarra erabili duela eta, agian gaurkoan ez zela halakorik tokatzen esan du, baina onartu du une honetan horixe dela bere pentsakera.