Harrera duinaren aldeko gau osoko kontzentrazioa

uriola.eus 2022ko eka. 3a, 11:21

Migratuen eta arrazializatuen kolektiboak, eta elkarlaguntza sareak eta kolektiboak kalean lo egingo dute ekainaren 8an arrazismo instituzionala salatzeko eta harrera duina izateko eskubidea aldarrikatzeko.

Eusko Jaurlaritzari oinarrizko eskubideak eta batez ere etxebizitza duinik ez dutenenak berma daitezela eskatuko dute hainbat kolektibok ekainaren 8an. Hainbat ekintza egingo dira Bilbon eta baita ere beste bost herri eta hiritan. Baliabide eta aurrekontu nahikoak dituzten planak eta errekurtso irisgarriagoak izatea premiazkoa da deialdia egindako gizarte taldeen ustez. Mbolo Moy Dole Bizkaia elkarte senegaldarra, Atxuri Harrera, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia, SOS Arrazakeria Bizkaia, eta Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala taldeen koordinadora egin dute deialdia Bilbon.

Milaka pertsonari beren bizi-proeiktua garatzea galarazten eta irregulartasunera kondenatzen dute atzerritarrei buruzko legedia salatu nahi izan dute erakundeek: "Arrazismo instituzionalaren adierazpen gorena da". Bostehun pertsona baino gehiago bizi dira kalean eta erroldatzeko zailtasunak dituzte deialdia egin duten erakundeen esanetan. Bestalde, poliziaren jazarpena, eta Atzerritartasun Brigadarako zitazioen, CIEn barneratzeen edo kanporatzeen atariko bihurtzen diren identifikazio arrazistak salatu dituzte. 

Instituzioen eraginkortasun eza salatzen jarraitu dute erakundeek: "Migrazioaren aldeko Euskal Itun Soziala sinatu ondoren, EAEko eta foru-administrazioetako ezein sailek eta udalek, ez dituzte bete harrera- eta gizarteratze-planak”. Ukrainako nazionalitatea duten errefuxiatuekin erakutsitako borondate politikoa beste migratzailea batzuekin erakusten ez dutela kritikatu dute argitaratutako oharrean. 

Izan ere, instituzioek gabeziak ezagutzen dituztela azaldu dute erakundeek. Protokolo egiaztagarri eta argiak eta administrazioen arteko koordinazioa eta irizpide komunak eskatu dituzte. "Asko dira EAE eta Nafarroa politika sozialetan abangoardian jarri nahi dituzten adierazpen orokorrak. Harrera duinari eta etxegabetasunari ekiteko planak ez dira falta. Errealitateak, ordea, zoritxarrez, gezurtatu egiten du erretorika hori”.

Ekintza anitz

Bilborekin batera, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Barakaldon, Irunen eta Artea-Igorren egingo dute gaueko kanpaldia. Hala ere, kalean lo egitea ez da izango eguneko ekintza bakarra. Kalejirak egingo dira esterilla eta kartoiekin eta mikro irekia jarriko da, nahi duenak bere testigantza partekatzeko. Aldi berean atzerritarrei buruzko legeriak baldintza duinetan lan egiteko aukera mugatzen dien pertsonen eskubide berdintasunik eza salatuko dute. Deialdiaren komunikatuari amaitzeko zera adierazi dute: “Horren erregularizazioa aldarrikatzen dugu, eta herritarren babesa eskatzen diogu helburu horrekin sinadurak biltzen ari den Herri Ekimen Legegileari. Egin dezagun gure lurra, harrera-lekua”.