Euskara sustatzeko konpromisoa berretsi dute Udalak eta Euskaltzaindiak

uriola.eus 2022ko eka. 3a, 12:07
Juan Mari Aburto eta Andres Urrutia akordioa sinatu ostean

Juan Mari Aburto alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak elkarlanerako hitzarmen bat sinatu dute. Hizkuntza arloko aholkularitza, mintzaldiak eta hizkuntza suspertzeko eta euskal kulturaren hedapena eragiteko kultur jarduerak eta hitzaldiak sartzen dira hitzarmenean. 

Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak elkarlanean jarraituko dute euskara sustatzeko. Gaur goizean duela hogei urtetik hona izan duten konpromisoa berretsia dute, euskararen normalizazioan laguntzeko jarduerak eta ekimenak elkarrekin garatzeko. Urtero bezala sinatu dute eta hainbat arlotan lagunduko du akordio honek.

Euskara garatzea eta plazaratzea lantzen du hitzarmenak hizkuntza arloko aholkularitza emanez, eta hizkuntza biziberritzeko eta euskal kultura zabaltzeko hitzaldiak eta kultur jarduerak antolatuz. Aurten adibidez, aurreikusten diren ekintzen artean Blas de Otero. Ordaindu gabeko letra bat izeneko obra argitaratuko da. 

Bilboko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Planari laguntzen dion akordioa da Euskaltzaindiarekin egiten duena. Euskararen transmisioa, erabilera soziala eta hizkuntzaren kalitatea baitira planaren helburuak. Euskaltzaindiak berak bermatzen du euskararen normalizazioak eskatzen duen estandarizazioa eta euskarak bizirauteko arlo guztietan behar duen bultzada.