Arriagaren denboraldi berria aurkeztu dute Juan Mari Aburto alkatea eta Calixto Bieito, Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak. Denboraldi osoa aurkeztu ahal izan dute berriz; "poz handia" Aburtoren hitzetan eta "ongizate sentipena" Bieitorentzat. Publiko guztientzako produkzioak ekarriko ditu Arriaga Antzokiak 2022-2023an. "Ezagunena, dotoreena eta abangoardistena ekarriko dugu" azaldu du zuzendari artistikoak.
Arriagak bost produkzio eskainiko ditu denboraldi berrian. Antzokiaren funtsezko zutabeetako bat izaten da urtero eta horrela izaten jarraituko du. Antzemate barroko bat izango dute hurrengo ikasturteko produkzioak Calixto Beitiok esan duen moduan: "Azken aldian desinformazio handia dago eta horrek barrokoa gogoratzen du. Dena iluntasuna zen garaia hain zuzen ere".
2023ko ekainean denboraldia itxiko duena izango da proiektu garrantzitsuenetakoa, Orgia deiturikoa. 22an eta 24an Pier Paolo Pasoliniren antzezlan ziragarrian oinarritutako opera eskainiko da. Héctor Parrak konposatu du, eta Calixto Bieito ikuskizunaren eszena-zuzendariaren libretoa du. Antzerki-ekoizpen propioa Pío Barojaren La lucha por la vida izango da. Otsailean estreinatuko da, euskal antzezle zerrenda luze batekin. Moto- Membra Jesu Nostri, Siface: L´amor castrato eta Cain, overo II primo omicidio izango dira beste hiru produkzio propioak. Gainera Faces izeneko ekoizpena berreskuratuko da: Pandemiaren ondorioz edukiera murriztua izan zuen bere estreinaldian.
Euskarak ere indarra izango du hurrengo denboraldian, Aburtok azaldu duen moduan "sektore eszenikoa euskara bultzatzeko konprometituta" dagoelako. Arriaga Antzokiak euskal konpainiekin elkarlanean aritu da eta guztira sei produkzio sortu ditu. Antzerkigintza berriak programaren barruan egin den Galder Irustaren La celda sin noche antzestuko da. Pabellón 6-ek ekoitzitako Love & Money izango da beste bat eta urriaren 26an izango da emanaldia. Besteak, Lear (azaroaren 4tik 6ra), Todas las hijas (azaroaren 24tik 26ra), Forever (urtarrilaren 28an), Las que se fueron en silencio (martxoaren 2tik 5era) eta Lavinia (martxoaren 22 eta 23) izan dira.
Bestalde Horman Poster kolektiboarekin Souvenir, komeria extralurtarra sortu du eta Adriana Bilbao dantzari eta koreografoaren Zarra ikuskizunean parte hartu du. AIpatutakoetaz gain beste hainbat lan Euskaldun eskainiko dira Arriagan. Horien artean Mitxel Santamarinaren Gordo, basko y maricón nabarmentzen da.
Dena ez da antzerkia izango
Dantzak garrantzia handia izango du ere Arriagaren programazioan. Nazioarteko hiru dantza konpainia handi igoko dira Arriagako antzokira. Lehena, urtarrilaren 20an eta 21ean, Balllet du Grand Theatre Geneve etorriko da eta aste gutxi barru, otsailaren 11 eta 12an Vancouverreko Ballet BC talde kanadarraren txanda izango da. Azkenik ekainaren 2an eta 3an, denboraldiaren amaieran, Hofesh Shechter Company-k emango du ikuskizuna. Bestalde, Calixto Bieitok Stuttgarteko balletarekiko mirespena erakutsi du eta helburuetako bat hura Bilbora ekartzea dela azaldu du. Musikak ere pisua izango du.
Antzokiak "momentu arraroan" daudela aipatu du Bieitok: "Antzoki batzuk hutsik dauden bitartean ondokoak beteta daude". Gauzak normaltasunera eta egoera ordenean jartzea nahi izan du zuzendari artistikoak. "Kultura segurua da" berretsi du Aburtok eta antzokiak bete behar direla azpimarratu du. Denboraldiko ikuskizun guztietarako sarrerak ekainaren 29tik aurrera egongo dira eskuragarri, www.teatroarriaga.eus webgunean edo antzokiko txarteldegietan. Ikuskizun guztiak esteka honetan ikusi daitezke.