Bilbo Hiria irratiak 25. urteurrena ospatuko du ostiralean Azkuna Zentrotik

uriola.eus 2022ko eka. 7a, 13:04

Zueneko berezia egingo du irratiak Azkuna Zentrotik 17:00etatik 19:00etara. 25 urte 25 ikuspegi lelopean urte hauetako aldaketak aztertu eta aurrera begirako erronken inguruan mintzatuko dira.

Ekitaldi berezia egingo du Bilbo Hiria irratiak bere 25. urteurrena ospatzeko. Zuzeneko emanaldia emango dute Azkuna Zentroan ekainaren 10ean 17:00etatik 19:etara. Guztira zazpi gairen inguruan hitz egingo dute saio berezi honetan eta irudiz egingo den ANabasa programaren estreinaldia egingo dute aste honetan.

Euskarak izan duen aldaketa eta egin beharreko hizkuntza politikak izango dituzte mintzagai Iker Martinez de Laos (Euskaltzaleen topagunea) eta Isabel Isazelaiak (Gabriel Aresti Euskaltegia) saioari hasiera emateko. Horren ostean auzoei dedikatutako saio bat egingo dute. Irratiak berak azaldu duen moduan Bilbon askotan erdiguneari bakarrik begiratzen zaion arren hiria auzoek osatzen dute. Hiritarrentzako izango den hiriaren alde lan egiten auzo elkarteen federazioa dago. Zorrotzako, Arangoitiko eta Santutxuko elkarteetako kideak hurbilduko dira.

Kulturan emandako aldaketak Haizea Barcenilla (EHUko irakaslea) eta Fermin Etxegoienek (idazle eta kazetaria) landuko dituzte. Bilakaeraz Xabier Aierdi soziologoa arituko da ere; kasu honetan biztanleriaren bilakaerari buruz. Gainera, Bilbok azken 25 urteetan izan duen bilakaera aztertuko du Karlos Renedo arkitektoak. Azkuna Zentroaren bilakaerari buruz hitz egingo du Fernando Perezek eta Jon Trollopek amaiera emango dio saio bereziari Hamabostean behin irrati nobelarekin.

Gazte saio berria

Bestalde saio berri bat estreinatuko dute aste honetan urteurrenaren harira. Anabasa izango da Bilbo Hiria irratiko gazte saio berria eta irudiz etorriko da. Jon Castañeda eta Amaia Arostegik aurkeztuko dute bi gonbidaturekin batera eta mila gai izango dituzte hizpide lagunarteko elkarrizketetan. Asteazkenero 19:00etan izango da eta lehenengo saioan STR sortu berri duen Iker Vilarekin eta Anita Parkerreko abeslaria den Ane Martinezekin egongo dira.