Bilbao Blues Festival-ek 15 kontzertu izango ditu lehenengo edizioan

uriola.eus 2022ko eka. 10a, 13:48

Uztailaren 29tik 31ra estatuko eta nazioarteko blues artistak kontzertuak emango dituzte Areatzan eta Guggenheim museoan. Doainik izango dira eta hitzaldi bat, boogie woogie eskolak eta haurrentzako kontzertu pedagogikoak egingo dira jaialdiaren barruan.

"Izarrez betetako kartela" izango da uztailaren amaieran ospatuko den Bilbao Blues Festivalekoa. Bob Stroger legendarioa zegoen zerrendara Ronnie Baker Brooks, Dana Fuchs, Fantastic Negrito, Raimundo Amador, Shemekia Copeland, Wax & Boogie feat Drew Davies, Noa & The Hell Drinkers, Blues Triumvirate, Flamingo Tours, Micky & The Buzz eta Travellin’ Brothers taldeak gehitu dira. Guztira hamabost izango dira eta horrekin batera, blues generoko diva eta aitzindari afro-amerikarrei buruzko hitzaldi bat, boogie woogie eskolak eta haurrentzako kontzertu pedagogikoak antolatuko dira TopARTE programaren barruan.

Travellin' Brothers tokiko taldearen Someone to love, Oh my river eta Coming Home intepretazioaz girotuta jaialdiaren aurkezpena egin dute Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandianok eta jaialdiaren lehenengo deialdiaren zuzendari eta musika-sustatzailea den Carlos Mallesek. "Askotariko egitaraua du jaialdiak; izan ere, jendeari blues generoaren barruan dauden estilo guztiak helarazi nahi dizkiogu", azaldu du Mallesek.

Orokorrean Europako biretan parte hartzen ez duten artista hauetaz gozatzeko aukera eman nahi zaie genero honetako zaleei eta beste alde batetik, musika mota hau ezagutzen ez dutenei generoa deskubritzeko aukera eman nahi zaie eta horrela berretsi du Mallesek: "Mundu guztiari gustatzen zaio blues kontzertu bat, nahiz eta generoaren ohiko kontsumitzaile izan ez. Ez da musikagatik bakarrik, sortzen duen giroagatik da".

Kontzertuez haratago

Eskainiko diren 15 doaneko kontzertuez gainera ekintza anitzak antolatu ditu jaialdiak. Kontzertuak Areatzako pasealeku eta kioskoan egingo dira eta bertan ere, boogie-woogie estiloko dantzaren eskolak eskainiko dira 31n 11:00etan. Blues musika Alde Zaharrera luzatuko da, hirian ahalik eta presentzia handiena izateko asmoz. Dixie Band  Granujas erritmo biziko kalejira egingo du egun berean 12:00etan. Musika-talde ibiltari honek Jack eta Elwood bi anaien txotxongilo erraldoiekin batera ibiliko da kaleetan zehar.

Guggenheim museoaren auditoriumean blues generoko diva eta aitzindari afro-amerikarrei buruzko hitzaldi bat egingo da 30ean 11:00etan. Diva eta borrokalariak: Emakumea blues-aren historian. López Poy kazetari eta idazlea izango da hizlaria eta kontakizunarekin batera, musika entzun ahal izango da. Blues generoko dama handien bizitzari eta lanari lotutako irudiak eta gertaerak proiektatuko dira eta emakume afro-amerikarrak omenduko dira argazkien bitartez. Bestalde haurrentzako kontzertu pedagogikoak antolatuko dira TopARTE programaren barruan uztailaren 29an 11:00etan.

Bob Stroger saritua

Jaialdiaren txapela Bob Stroger estatubatuarrak jasoko du. Kim Johnson eta Chicago ALl Starsekin batera kontzertua emango du 20:30ean. Blues generoaren legendak, baxu-jotzaile eta abeslaria XX. mendeko bigarren erdialdeko talderik garrantzitsuenetako kide izan zen. Ez da kasualitatea Bob Stroger Bilbora etortzea, jaialdiaren sustatzaileek, Crazy Blues, nazioarteko saririk garrantzitsuenetarikoak baitituzte musika-generoa bultzatzeari dagokionez.