Badator Deustuko Gazte Eguna!

Deustuko Gazte Eguna 2022ko eka. 10a, 13:44

Ekainaren 11n azken urteotan ohitura bihurtu den Gazte Eguna antolatu dugu Deustuko gazteok. Helburua gazteok batzeko eta balore eraldatzaileetan batera disfrutatzeko egun bat antolatzea da. Izan ere, kontziente gara logika neoliberalak indibidualismora, atomizaziora, berekoikerietara, eta, finean, “es lo que hay” gisa definitu daitekeen egoera animiko konstante batera garamatzala. Aspaldi hasi zen euritan gure inguruan, eta ordutik ez du atertu. Urak gora eta gora egin du, uholdeak sortu eta gazteok ia itotzeraino.

Baina… krisi betean hazi eta hezitako belaunaldia gara, eta aspaldi ikasi genuen urpean igerian, aspaldi ikasi genuen mehatxupean igeri egiten: marrazoak baino odolzaleagoak diren bankero eta apustu etxeen artean, olagarroak baino babosoagoak diren eraso matxisten artean, pirañak baino langile-gose gehiago duten eta langileak esplotatzen dituzten “enpresari txikien” artean, gure itsaso garbiak zikintzen dituzten petrolera eta makroferrien artean, arrantzatutako gazteak preso eramaten dituzten bi estaturen artean…

Hala ere, arazoaren dimentsioaz jakitun, harro esan dezakegu urteetan zehar eraiki ditugun arnasguneek inoiz baino gaurkotasun eta potentzialitate handiagoa dutela. Arnasa hartzeko bonbona gisa erabiltzen baititugu gaztetxeak eta jai herrikoiak. Bat-batean ur-jasa erraldoi bat jauzi eta gazteok gai gara elkartasun sareak sortzeko. Eraso matxisten aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzeko, lan-erasoen aurrean prekarioen asanbladak antolatzeko, gazteon aisialdia Deustun ere euskaraz eta euskaratik eraikitzeko…

Baina honek guztiak bultzada berri bat behar du, ez baitu berez eta bakarrik aurrera egingo. Deustu maite dugulako da beharrezkoa Deustuko gazteak elkartzea, elkar-ezagutzea, elkarri laguntzea…  Horregatik, ekainaren 11n Deustuko Gazte Egunera etortzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu. Ekainaren 11n Deustuko gazteok plaza batuko dugu, “arrainek itsasoa behar duten bezala behar baitu Deustuk plaza bat” eta egun hau aprobetxatuko dugu Deustu osoa hartzeko: bizikleta martxa bat egiteko, batera gosaltzeko, antzerki batez eta elektrotxaranga batez gozatu ahal izateko, elkarrekin bazkaltzeko, palako finala ikusteko, kuadrilek antolatutako ur-jolasetan parte hartzeko, kontzertuekin parranda egiteko…

Gazteok itota nahi gaituzte… baina ur azpian bizitzen ikasi dugu. Jarrai dezagun egunez egun arnasguneak eraikitzen eta ibilbide horretan elkarrekin gozatzen!