Epaituak izan diren zazpi gazteei elkartasuna adierazi die Ernai-k

uriola.eus 2022ko eka. 15a, 12:17

2021eko maiatzaren 7an gazteen larrialdi egoera eta bizi baldintza prekarioak salatzeko Bilbon egindako manifestazioan atxilotutako zazpi gazteak epaitu dituzte. Urte eta erdiko espetxe zigor eskaerei eta guztira 20.000€-ko isun eta kalte ordainei egin beharko diote aurre.

Bilboko epaitegien aurrean egin du kontzentrazioa Ernai-k 2021ko manifestazioan atxilotutakoei elkartasuna adierazi eta epaiketa salatu dute. Gazte antolakundearen arabera "gezurrez beteriko atestatu baten ondorio" izan da epaiketa hau eta ez da kasu isolatua: "Bizi baldintza duinen alde borroka egiten dugun guztiak izango gara epaituak. Gazte mugimenduaren eta orokorrean mugimendu sozialaren eta borroka sozialen aurkako estrategia baten aurrean gaude". 

Gazteak larrialdi egoeran zeudela, sistemak "estrukturalki zapaltzen" zituela eta azken krisien ondorioz "oraina zein etorkizun eza besterik ez" dutela salatzeko atera ziren kalean aurreko urtean eta horren kontra "zapalduak, ahotsik gabe eta kriminalizatuak" izan zirela salatu dute: "Ertzaintzak gogor jo zuen gure kontra, 8 gazte atxilotuz eta 60 zaurituz. Bortizkeriaz erantzun zuten, Eusko Jaurlaritzaren isiltasun eta konplizitate guztia bazutela jakitun izanda".

Iazko manifestazioan gertatutakoa lan gatazketan, etxegabetzeetan edo herri mugimenduen mobilizazioetan "etengabe" errepikatzen den zerbait dela salatu du Ernai-k. Erantzun hauen aurrean "elkartasuna josi eta borroketan berrestea erantzunik onena da" ezker abertzaleko gazteen ustez: "Gazteon bizi baldintza duinen aldeko eta bizi proiektu burujabeak garatzeko borrokan jarraitzea". 

Duela aste bat manifestazio baten bitartez salatu zuten gertatutakoa eta gaur berdina egin dute epaitegien aurrean. "Jarrai dezagun gazteon bizitzen alde borrokatzen, dena baitugu irabazteko, haien kolpe bakoitzaren aurrean ukabila altxatu eta ez gaituzue geldituko", adierazi dute gaur egindako manifestuaren amaieran.