lgtb+ harrotasun eguna

Transfobiaren aurka argi eta garbi agertzeko ordua dela oihukatuko dute

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko eka. 16a, 10:22

Hilaren 28a LGTB+ Askapen Eguna izango da, eta urtero legez, manifestaziorako deia egin du E28 Koordinadorak. 19:30ean abiatuko da Jesusen Bihotzetik, eta udaletxean amaituko da. Instituzioek Bilbao Bizkaia Harro izenpean antolatzen duten egitarauaren bidez sexu askapenaren borroka merkantilizatu nahi izatea ere gaitzetsi dute.

                                               

Hainbat eragile eta norbanako batzen dituen Bizkaiko E28 Koordinadorak ekainaren 28an kalera ateratzeko deia egin die herritarrei beste behin ere. Transfobiaren aurrean tinko! izango da lelo nagusia, eta horren bidez instituzioak interpelatu dituzte, baina baita mugimendu feminista eta ezkertiarrak zein, oro har, biztanleria osoa ere. Izan ere, deitzaileek “ezinbestekotzat” jo dute trans-askapenaren alde egitea eta posizionamendu hori modu argian adieraztea: “Zehazki, abortuaren aldeko borrokan erakutsi zen konpromiso bera, diskurtso zein praktika mailan”.

Hala, TERF deritzon korrontea (ingelesezko Trans-exclusionary Radical Feminist-en akronimoa, hau da, Feminista Erradikal Trans-baztertzaileak) gorroto diskurtsoan eta “patriarkatuak historikoki erabilitako determinismo biologikoan” oinarritzen dela azpimarratu nahi izan dute, eta gorroto hori gatazka eztabaidagarri gisa planteatzea onartezintzat daukate: “Trans pertsonak beti izan dira borroka feministaren parte”.

Transfobiaren estrukturaltasunaren beste adibide bat ere nabarmendu dute koordinadorako kideek; Osakidetzako Genero Nortasun Unitateari egozten diotena, hain zuzen. Azaldu dutenez, “jarduera bortitz eta patologizatzaileak” darabiltzate trans pertsonekin eta tratamendua ukatzen die “haien ikuspegi binariotik aldentzen den orori”.

Bestalde, espainiar estatuan prostituzioa debekatzeko lege proiektua ez dute begi onez ikusten: “Egungo testuinguruan, sexu-lanari trabak jartzeak arrisku handiagoko praktikak egitea baino ez dakar, gehienetan migratzaileak diren trans pertsona prekarizatuak kriminalizatuz”. Izan ere, eta ildo beretik, azpimarratu dute Atzerritar Lege “arrazista eta prekarizatzailea” zein transmisoginia direla maiz emakume horiek langabeziara kondenatu eta, ondorioz, sexu-lanera daramatzatenak.

Erasoen gorakada eta instituzioen merkantilizazioa

Azken boladan LGTB pertsonen aurka izandako “bortizkeria-olatua” ere hartu dute ahotan manifestazioko deitzaileek. Horiek, baina, “icebergaren tontorra” baino ez direla argi utzi nahi izan dute; hau da, egunerokoan “normaltasuna zalantzan jartzeagatik” pairatzen duten zapalkuntza sistemaren ondorio. Gainera, azkenaldiko gertakarien (Bilboko erailketak, Bizkaiko hainbat herritan aurten gertatutako erasoak…) harira hainbat komunikabidek erabilitako “morboa eta oportunismoa” salatu dituzte, kolektiboa estigmatizatzen dutela eta.

Horrez gain, beste urte batez Bibao Bizkaia Harro izenpean (lehen Bilbao Bizkaia Pride zena) antolatutako egitarauaren bidez harrotasunaren inguruan “instrumentalizazioa eta merkantilizazioa” egitea egotzi diete Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari, EAJri eta enpresariei: “Gozamen burgeserako sortu dituzten festa eta ekitaldi despolitizatu zein desklasatuekin bueltatu dira”. Horren guztiaren aurrean, gogorarazi dute New Yorkeko Stonewallen izandako lehenengo Harrotasun hura matxinada bat izan zela, eta ekainaren 28a borroka eguna dela berretsi dute.

Datozen hitzorduak

Ekainaren 28ko manifestazioaz gain, E28 Koordinadorak Harrotasunaren egunaren bueltan hainbat ekimen prestatu ditu. Gaur, esaterako, Bilbo Zaharreko plazan kokatuta dagoen Arroka Beltza Arte Galerian tailerra egongo da. Jarraian zerrendatuta datoz Bilboko hitzordu guztiak:

Ekainaren 2tik 18ra: Inframundo erakusketa Bilbo Zaharreko plazako Arroka Beltza arte galerian

Ekainak 16, 19:00-21:00 Fanzine eta Mitologia tailerra Rurru Mipanochiarekin Arroka Beltza arte galerian (izena eman behar da)

Uztailaren 2an (16:00-20:00), uztailaren 3an (16:00-20:00) eta uztailaren 16an (egun osoan zehar): Performa tu identidrag tailerra Karmelan (Fika kalea, 44)

Ekainak 25, 18:00 Fuego Amigo hitzaldia Karmelan

Ekainak 28, 19:30 Manifestazioa Jesusen Bihotzetik abiatuta

Horrez gain, Bizkaiko E28 koordinadorak hitzorduak deitu ditu beste herri batzuetan: Sopelan ere manifestazioa egingo dute ekainaren 28an (20:15ean udaletxetik abiatuta), eta Lekeition, berriz, elkarretaratzea (19:00etan Eskolapean).