Bilbon ozonoak kopuru maximoa gainditu duela salatu du Ekologistak Martxan-ek

uriola.eus 2022ko eka. 20a, 11:02

Bero-boladak, motordun trafikoarekin eta industriarekin batera, ozono-mailak gora egitea eragin eta hiriko airea kutsatu duela salatu du erakundeak. Bestalde, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak atmosferaren kutsadurarekiko sentikorrenak diren pertsonei arriskuaz ez ohartaraztea kritikatu dute.

Aurreko astean Euskal Autonomia Erkidegoa astindu zuen bero-boladak Bilboko airea kutsatu du eta ozonoaren informazio-atalasea gainditu zen. Metropoli-eremuko motordun trafikoak eta industriak, bereziki Petronorreko findegiak, beroari gehituta, igortzen dituzten partikulak ozonoarekin nahastean gertatzen den erreakzio batek eragin du kutsadura Ekologistak Martxanen ohartarazi duen moduan. 

Muga horiek gainditzeak kalteak dakar herritarrentzat baina erakundeak salatu duen moduan Eusko Jaurlaritzak eta Udalak ez dute bete ozonoak kutsatutako herritarrei informazioa emateko legezko betebeharra. Ozono troposferikoa, ozono "txarra" deritzona, izan da Bilboko airea kutsatu duena. 

Ostegunean, ozonoaren informazio-atalaseak duen muga gainditu zen. Bi orduz jarraian gainditu zen Arraizeko kutsadura kontrolatzeko estazioan 180 mikro gramo metro kubiko bakoitzeko markatzen duen muga. 182 neurtu ziren 15:00 eta 16:00 artean eta 181 mikrogramo arratsaldeko 16:00 eta 17:00 artean. Abanto estazioan, kopuru hori are handiagoa izan zen, eta guztira 187 mikrogramora heldu zen. 

Kaltea herritarrengan

Muga horiek gainditzearen ondorioz, agintariek haurrei, adinekoei, haurdun dauden emakumeei edo arnasketa-arazoak edo arazo kardiobaskularrak dituzten pertsonei arriskuez ohartarazi behar dietela aipatu du EKologistak Martxanek. "Babestu daitezela eta egunaren erdiko orduetan eta iluntzean ahalegin fisikorik eta aire zabaleko ariketarik ez egitea esna behar diete. Era berean, kutsaduraren bilakaeraren aurreikuspenaren, eragindako eremuen eta gertaeraren iraupenaren berri eman behar dute.

Izan ere, kutsadura hori kaltegarria da osasunarentzat erakunde ekologistak esandakoaren arabera: "Arnastearen ondorioz, goiko begietan eta arnasbideetan narritadura eragiten du, biriken funtzioa murrizten du, arnas gaixotasun akutuak (asma, BGBK) izateko arriskua areagotzen du eta patologia kardiobaskularrak larriagotzen ditu".

"Hala eta guztiz ere, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ez diete horren berri eman herritarrei behar besteko aurrerapenaz, herritarrek informazio eskuratzeko komunikabide publiko eta pribatuen bidez", salatu du Ekologistak Martxanek. Hau gertatzen den lehen aldia ez dela azaldu dute eta egoera hauetan motordun trafiko eta industria-jarduera nagusiak mugatu behar liratekeela aipatu dute. Bestalde, udaberri honetan airearen kalitatea hobetzeko nahitaezko plana egitea eskatu du OMEren arabera, urtean 1.500 eta 1.800 heriotza goiztiar artean izan dira Espainiako Estatuan, ozono-mailekiko esposizioaren ondorioz.