Unamuno plazatik Iturribide kalerako sarreran zegoen igogailu zaharrak ez du gehiago zerbitzurik emango. Horren partez, Erronda kalea auzoarekin lotuko duen instalazio berria egingo du udalak, Solokoetxeko eskaileretan igogailu berri bi kokatuta. Datozen asteetan aterako dira lanak lizitaziora, eta esleitu ostean, obrek ia urtebeteko iraupena izango dute, udalaren esanetan. Udal zerbitzua izango denez, igogailuak doan erabili ahal izango dira martxan jartzen direnean.
Bien bitartean, gaurtik aurrera I5 Solokoetxe anezka berria jarri du martxan Bilbobus zerbitzuak. Unamuno plaza eta Solokoetxeko 17. zenbakiaren arteko ibilbidea egingo du, orain arte igogailuak lotzen zituen gune bien arteko konexioa bermatzeko. Astelehenetik iganderako zerbitzua izango da, eta goizeko zazpietatik gaueko hamaikak arteko ordutegia izango du. Txartela eskudirutan ordaindu beharko da, eta bidaia bakoitzak 0,30 euroko prezioa izango du.
Instalazio berriak Solokoetxeko eskaileretan
Iturribidetik barik, Erronda kaletik egingo da, datorren urtetik aurrera, Solokoetxe eta Zazpi Kaleen arteko lotura mekanikoa. Udal proiektuan jasota dagoenez, igogailu baten partez bi egongo dira, elkarren segidan. Lehenengo tarteak Erronda kalea eta Solokoetxeko eskaileren erdialdean, Zazpi Katu gaztetxerako sarreraren aurrean, dagoen plazatxoa lotuko ditu. Bigarrena, berriz, plazatxo horretatik Solokoetxeko instituturaino joango da. Biek ala biek 13 lagunentzako tokia izango dute.
Lanok egiteko, eskaileren beheko partean dagoen udal lokalaren zati bat eraitsiko dute, eta eskaileren tartea birmoldatu. Aurrekontua 1.875.751,93 eurokoa izango da.
Auzotarren bilera gaur arratsaldean
Igogailuaren itxiera aztertzeko asmoz, auzotar talde batek eta jai batzordeak bilera irekia deitu dute gaurko, ekainak 20. 19:00etan bilduko dira Solokoetxeko eskolan.