BBK Live-en 15.edizioa "ezberdina eta nortasun propiodun" jaialdia izango da

uriola.eus 2022ko eka. 21a, 13:51
Xabier Ochandiano eta Alfonso Santiago Udalean egindako aurkezpenean (Argazkia: Uriola)

Uztailaren 7tik 9ra egingo den jaialdiak 12 eszenatoki izango ditu eta horietako lau publiko guztiarentzat izango dira. Berrikuntza gisa, autobusak aldez aurretik erreserbatu ahal izango dira eta jaialdi barruan gauzak erosteko erabiliko diren eskumuturrekoak uztailaren 4tik aurrera eskuratu ahalko dira.

Gutxi falta da BBK Live musika jaialdiaren 15. edizioa hasteko, eta gaur Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomia Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi ordezkariak eta Alfonso Santiago Last Tourreko zuzendariak, uztailaren 7, 8 eta 9an ospatuko den jaialdiaren nondik norakoak eman dituzte. "Oso gurea den jaialdia da. Jaialdiak, Bilbo honelako ekitaldiak antolatzeko erreferentea dela erakusten du", azaldu du zinegotziak.. LCD Soundsystem, J Balvin, Stromae, Nathy Peluso edo Pet Shop Boys nazioarteko taldeak joko dute besteak beste. Doleurdolor, Chill Mafia, Nogen, Verde Prato, Ezpalak, Bulego, Katza eta Silitia bilbotarrak izango dira euskal artistak.

Alfonso Santiagok azaldu duen moduan 100.000 ikusle baino gehiago izango ditu jaialdiak, 75 bat herrialde ingurukoak. Atzerritik, espainiar estatuko entzuleak, frankofonoak eta Erresuma Batukoak etorriko dira batez ere. Jaialdia pandemia aurreko kopuruetara helduko dela azaldu du Santiagok, eta beste urte batzuetan autobusetan sortzen ziren pilaketak ekiditeko aurretik erreserbatu ahalko dira autobusak. 1,5€-ko prezioa izango dute eta bakoitzak nahi duen igoera ordua hartu ahalko du. Erreserba hau egiten ez dutenek autobusetan lekua egon arte itxaron beharko dute. BEC-etik eta San Mamesetik aterako dira.

Guztira 12 eszenatoki izango ditu jaialdiak, horietako zazpi Kobetamendin. Bakoitzean 4,5 edo 6 kontzertu egongo dira egunero, eta artista garrantzitsuenak Nagusia deituriko eszenatokian joko dute. Beste bat Arraiz mendian egongo den kanpinean egongo da eta beste laurak Arenaleko kioskoan, BBK aretoaren aurrean, Isozaki dorreen ondoan eta Albian. Azken hauek musika hirira hurbiltzeko balioko dute eta herritar guztiei jaialdia hurbiltzeko, dohainik izango baitira. Dirua beste urte batzuetan bezala funtzionatuko du. Eskumuturrekoak diruz kargatu daitezke jada birtualki eta uztailaren 4tik aurrera BBK aretoan eskuratu. Jaialdia hasten denean, zerbitzu hori San Mamesera eramango da. 

Bere nortasun propioa nahi duen jaialdia

"Bi urte oso zailak izan dira baina 2019an gurekin lanean zeuden guztiak gurekin jarraitzen dute. Izugarria da jendea gozaraztea", azaldu du Last Tourreko zuzendariak. Onartu du jaialdiaren kostua igo dela: "Aurrekontua 10 milioitik gora joan da. Autobusen prezioa, energiaren prezioa eta artisten prezioa ere, nabarmen gora egin du". Antzeko prestigioa duten jaialdiekin diruz ezin dutenez lehiatu "berezia eta nortasun propioa" duen jaialdia izan behar dela aipatu du Alonsok. 

Jaialdiaren antolatzailea hurbilduko den jende kopuruarekin pozik agertu du eta helburua "kuantitatiboki baino, kualitatiboki haztea" dela azaldu du. "Baloreak eta erosotasuna; hori da gure ardatza. Jaialdi ezberdin bat da, jasangarria". BBK Live-k Erronka Garbia ziurtagiria jaso du eta nazioarteko ziurtagiri bat lortzeko esperoan daude. Jasangarritasun horren alde, ur eta saneamendu sarea hobetu egin dute erabiltzaileentzat erosoagoa izan dadin. Bestalde bat egingo du Zierbena Sarea, Zaporeak eta Ongi etorri Errefuxiatuak elkarteekin, migratzaileentzako kanpadendak eta elikagaiak elkartasunez biltzeko antolatu duten ekimenarekin. 

Eraso sexistak eta LGTBIQ+-foboak ekiditeko protokoloak

Xabier Ochandiano zinegotziak eraso sexisten aurkako protokoloa azaldu du: "Informazio-gida bat prestatu da lau hizkuntzatan eraso sexistak identifikatzeari eta horien aurrean erantzun beharreko moduari buruzko informazioarekin, No es no, ez beti da ez, lelopean. Bestalde Bilboko anitzak elkartearekin egingo du lan jaialdiak eraso LGTBIQ+-foboak ekiditeko eta behar duenari aholkuak emateko.