Pandemiaren ondorioz urtebete atzeratu da Bertsolari Txapelketa Nagusia baina aurtengo udazkenean bueltatuko da Euskal Herriko 14 txokoetako plazak betetzeko. Irailaren 24an hasiko da eta abenduaren 18an jokatuko da finala Iruñean, lehen aldiz Nafarroa Arenan. Sei saio egongo dira 36 bertsolarik parte hartuko duten lehen fasean, eta zazpi finalaurreko egingo dira. Finalean zortzi bertsolari arituko dira Maialen Lujanbiorekin batera, aurreko edizioko irabazlea. Bestalde, saio guztietarako sarrerak www.bertsozale.eus atarian erosi ahalko dira ekainaren 23tik aurrera, 9:00etan hasita.
Gontzal Agotek, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak, bere alaitasuna erakutsi du aurkezpenean: “Egoerak hobera egin du, eta horrek poza ematen du. Dena den, bertso plazaren martxa arretaz segitzen dugu; batetik, pandemiak utzitako ondorioak oraindik ere ez direlako guztiz desagertu, eta, bestetik, bertsolaritzaren egungo egoera bertan islatzen delako”. Txapelketa "egunerokoan eta ahalegin handiz egunero egiten den lanaren ondorio" dela argitu du Idoia Trenorrek, Bertsozale elkarteko koordinatzaileak.
Txapelketa Getxon irailaren 24an 17:00etan egingo den saioarekin hasiko da. Bertan arituko da Oihana Bartra bilbotarra. Muxikebarri zentroan izango da eta Agin Laburu, Eneko Lazkoz, Nerea Elustondo, Peru Abarrategi (Arabako txapelketa irabazi berri duena) eta Unai Mendizabal izango ditu aurkari. Aurten finala ez da BEC-en izango, baina azken finalaurrekoaren egoitza izango da eta, beraz, Bilboko saioaren ostean osatuko da finalean jardungo dutenen behin betiko taldea.
Sailkapen sistema
Txapelketa nagusi guztietako sailkapena sistema bera izango du aurtengoa. Lehenengo fasean sei kanporaketa egongo dira eta guztira 36 bertsolari, sei saio bakoitzeko. Irabazlea zuzenean joango da finalaurrekoetara eta beste hamahiruak puntuazio bidez sailkatu ahalko dira. Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian eta Lizarran izango dira horiek.
Finalaurrekoetan jada sailkatuta daudenak (Unai Agirrek, Amets Arzallusek, Sustrai Colinak, Beñat Gaztelumendik eta Aior Mendiluzek) aurreko fasetik sailkatzen diren 19ekin batera parte hartuko dute. Bi itzuli izango dituzte finalaurrekoek: lau saio lehenengoan (Elizondon, Donibane Garazin, Irunen eta Durangon) eta hiru bigarrenean (Amurrion, Baionan eta Bilbon). 18 bertsolari pasatuko dira bigarren itzulira eta finalera bi zatietako puntuazioak batuta, sailkapen altuena lortzen duten zazpi bertsolariek parte hartuko dute.
Finala lehen aldiz Iruñean
Historian azken saioa antolatuko duen hirugarren hiria izango da. 1935etik 2001era Donostian egin da eta aurten arte Barakaldoko BEC-en. 13.000 zaleentzako lekua duen Iruñeako Nafarroa Arenak helduko dio finalari lehen aldiz. Ekitaldia hiru saiotan banatuko da. Goizeko saioan eta arratsaldeko lehenengoan zortzi bertsolari arituko dira eta amaieran bi onenak buruz buru arituko dira. Egun osoko jardunean puntu gehien eskuratzen dituena izango da txapeldun.
Sarrerak bihartik aurrera
Biharko 9:00etatik aurrera sarrera guztiak salgai jarriko dira www.bertsosarrerak.eus webgunean. Bestalde Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan finalerako sarrerak salduko dira 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitarte, ekainaren 23tik 30era, asteburuan salbu. Bertsozale Elkarteko bazkideek sarrera bermatuta izango dute. Prezio guztiak eta informazioa Txapelketa Nagusiaren webgunean lortu daiteke.