Bilboko Kalealdia ekainaren 27an izango da, inoiz baino ikuskizun gehiagorekin

Ekainaren 27tik uztailaren 2ra 33 zirku, dantza eta clown konpainia hurbilduko dira Bilbora haien proposamenekin. Jaildirako beren-beregi prestatutako bi arte-jardun aurkeztuko dira eta itsasadarra espazio berrietako bat izango da. Guztira hamar eremu izango ditu kalealdiak.

Astelehenean ekainaren 27an hasiko da Bilboko Kalealdia kaleko antzerki eta arteen jaialdia. 23. edizioa uztailaren 2ra arte sei egun iraungo ditu eta 33 ikuskizun ekarriko ditu guztira Bilbora. Aurten, programazio, espazio eta dekorazio gehiago izango ditu eta nazioarteko presentzia handiagotu egingo da. Guztira Europako leku desberdinetatik 10 konpainia etorriko dira. 

Hamar izango dira eremuak eta nagusietako bat Kasilda Iturrizar parkea izango da. Izan ere zazpi agertoki izango ditu. Bestalde San Frantziskoko hiri ortuan eremu gehiago izango ditu eta Bilboko Itsasadarrera helduko da lehen aldiz. Beren-beregi eremu horretarako diseinatutako bi proposamen izango ditu. Nostraxladamus aragoitarren Volatineros ikuskizunarekin; Erripa Kaiaren parean ikusi ahal izango da; eta, bestetik, Le Piano du Lac, Swing and Swim franko-asturiar konpainiarena, Erriberako zubiaren inguruan.

Ikuskizun guztiak doakoak izango dira. Hala ere aurtengo edizioan berriz jarriko da karpa bat Casilda Iturrizar parkeko ahateen urmaelaren ondoan. Ekainaren 27tik 29ra, 19:00etatik aurrera, Nicole & Martin konpainia suitzarrak Vasilisa aurkeztuko du. Sarrerak 3€-an salduko dira eta bildutako guztia Ukraina-Euskadi elkarte soziokultural eta lankidetzako garapenerakoari emango zaio. Ikuskizunei buruzko informazio gehiago eta ordutegi guztiak hurrengo dokumentuan eskura daiteke. 

Parte hartuko duten konpainiak

Euskal konpainiak bederatzi hauek izango dira: Dantzaz; Ertza; Hika Teatroa & Oinkari Dantza Taldea; Hortzmuga Teatroa & Deabru Beltzak; La Trapecionista Cí; Mystèrieuses Coiffures; Panpotx Kultur Elkartea, Bilboko Udal Bandarena; Trakamatraka; eta Zirkozaurre.

Nazioartekoak: Chris Iris (Alemania); Das Arnak (Frantzia); Keep Company (Frantzia); Le Piano Du Lac (Frantzia / Asturias); Les Malles Cie. (Suitza); Les Rustines De L’ange (Frantzia); Nicole & Martin (Suitza); Ô Quel Dommage Cie. (Belgika); Panorama Kino Theatre (Suitza); eta Tobia Circus (Italia); eta, horiez gain, Brassass konpainia, Argentinatik.

Eta azkenik estatuko beste hainbatek parte hartuko dute: Amer Kabbani (Cía. 104º); Delrevés Danza Vertical; Kolektiv Lapso Cirk; La Industrial Teatrera; La Macana; Los Galindos; Maduixa Cía; Manolo Alcántara; Nacho Vilar Producciones & Yllana; Nostraxladamus; Nueveuno Circo Cía.; Pistacatro; eta Truca Circus.