2022ko Ibilaldia amaitu eta hilabete batera honen balorazioa egin dute Abusu ikastolatik. "Egun bikaina izan zen", aipatu du pozik Zaloa Aldatz, ikastolako zuzendariak. Jai giro "itzela" posible egin zuten auzoko lagun, irakasle eta abarrei eskerrak eman nahi izan dizkie: "Gurasoen eta familien inplikazioarekin oso pozik gaude".
Euskaraz gozatu daitekeela erakutsi zela azpimarratu du Aldatsek eta eraso sexisten inguruan ez zutela esku-hartzerik egin behar izan goraipatu du. "Zorionekoak izan ginen", hori izan da Zaloa Aldatzek egindako laburpena. Ibilaldiarekin Abusu ikastolaren lana amaitu ez dela aipatu eta esperientzia honekin ikasitakoarekin jarraitu behar dutela azaldu du. "Ikastolek zer esan handia daukagu", adierazi du lekukoa Zubi Zahar ikastolari eman baino lehen.
2023ko Ibilaldia Ondarroan
"Euskara bultzatzeko eta ikastolaren balioak indartzeko" balioko duen ekimena izango dela azaldu du Esti Urizar Zubi Zahar ikastolako zuzendariak. "Lan handia daukagu aurretik eta erronka gogotsu hartuko dugu", aipatu du Urizarrek. Ikastola herrira zabaltzea, herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotu, ikasleei auzolanaren garrantzia erakustea eta arkitektura pedagogia berrietara egokitzeko baliabide ekonomikoak lortzea izango du helburu Zubi Zahar ikastolak.
Leloari dagokionez "Xe" izango da hurrengo urtekoa. "Hizki xehe bi. Hizki jolasti bi", azaldu du Eider Galarragak ikastolako lehendakariak. Herri bat irudikatzeko leloa, euskalkien aitortza bat dela argitu du Galarragak. Leloaren arrazoi nagusia esan du ikastolako lehendakariak: "Ondarroan, Ibilaldiari, Ibilaldixe deitzen diogu".