Hirugarren Euskaraldirako motorrak berotzen

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko eka. 23a, 14:11

Bilboko batzordearen aurkezpena egin zuten atzo Kafe Antzokian, azaroan hasiko baita aurtengo edizioa. Dena den, egitasmoa udazkeneko ariketatik harago eraman eta ohitura aldaketak sustatzeko helburua azpimarratu zuten.

Azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an, Euskararen Egunaren bezperan, amaituko da aurtengo Euskaraldia, 2018ko eta 2020ko edizioen ostean hirugarrena izango dena. Hitzez ekiteko garaia dela nabarmendu nahi du aurtengoak, eta Bilboko euskaltzaleek ere heldu diote erronkari. Azken edizioa pandemiaren egoerak baldintzatu bazuen ere, aurten berriro ere indar betez jarduteko aukera egongo da, eta hori aprobetxatu nahi dute hirian euskarari bultzada emateko.

Aurreko bi edizioek ere utzi dute haien arrastoa, Bilboko batzordearen bozeramale gisa jardun zuen Iker Martinez de Lagosek atzo Kafe Antzokian egindako aurkezpenean azaldu zuenez: “Lorpen txikiak izan dituztenek baloratu dute gehien ariketa”. Horri esker, hainbat kasutan, lehenago erdaraz zeuzkaten zenbait harreman orain euskaraz izaten dituztenak bat baino gehiago dira. Horixe erakutsi nahi izan dute, hain zuzen, aurtengo bideo-iragarkietan.

Aurkezpenarekin eman diote, beraz, kanpora begirako ekimenei hasiera. Orain, uztailean eta abuztuan, jaietan presentzia izatea da asmoa. Irailean, ikasturte berriarekin batera, aurkezpen publikoa egingo dute, eta lan taldea martxan jarriko da Euskaraldiko hamabostaldi horretara begira. Urrian eta azaroaren lehenengo zatian, berriz, hainbat ekitaldi eta ekimen egitea aurreikusten dute, eta lokal berezia irekiko dute, aurreko edizioetan egin bezala, hiriaren erdigunean. Horixe izango da ariketa handiaren aurreko azken txanpa. Data horien bueltan, gainera, Bilboko euskaltzaleak jai giroan batu eta aktibatzeko topaketa bat antolatzeko ideia ere badarabilte buruan.

Nabarmentzekoa da hiri mailan ez ezik, auzoz auzo ere emango zaiola bultzada Euskaraldiari Bilbon. Hala, tokian tokiko batzordeak ere martxan jarriko dira aurrerantzean.

2022ko Euskaraldia

Hirugarren edizioari dagokionez, “arau sozialetan eragiteko” asmoa azpimarratu dute, hau da, lehenengo hitza euskaraz egitea bezalako ohiturak bultzatzean. Bide horretan, baina, aldaketa horiek aurrera eraman ahal tresnak eman nahi dizkiete herritarrei oraingo honetan, giro babestuan, modu erosoan eta libreki egin ahal izan ditzaten. Azken finean, jendea ahalduntzea da asmoa. Horretarako, besteak beste, ahalduntze eskolak antolatuko dituzte nazio mailan. Euskaraldiak irauten duen egun horietan zehar herritarrek konpromisoren bat edo beste hartzea izango da Bilboko batzordeak gertarazi nahi duena.

Hala, beste behin ere itzuliko dira Ahobizi eta Belarriprest figurak. Izan ere, hizkuntza gaitasunean baino, jarreran egongo da parte hartzeko giltzarria. Ahobizi izatea hautatzen dutenek, euskaraz ulertzen duten guztiengana hizkuntza horretan zuzentzeko konpromisoa hartzen dute. Belarriprest rola hartzen dutenek, aldiz, euskaraz dakiten guztiei haiekin hizkuntza horretan jarduteko gonbita egitekoa. Irailaren amaiera aldean irekiko dute herritarrek rol horietan izena emateko epea.

Horrez gain, Ariguneak ere jarriko dituzte martxan, hau da, euskaraz egiteko txoko izango diren leku fisikoak: saltokiak, bulegoak... Hain zuzen, dagoeneko martxan dago erakundeek izena emateko epea, eta hasi dira han-hemen aurkezpenak egiten.

Prozesu guztia aurrera eramaten laguntzeko, beti bezala, liberatuak egongo dira. Bilboren kasuan, bi pertsona arituko dira lan horretan. Dena den, eginbeharretan laguntzeko bolondresentzako ateak irekita jarraitzen du, eta horretara animatu nahi izan dituzte hiritarrak, norbere auzoko taldeetara edo Bilboko batzordera gerturatuta edota ekintza puntualetan lagunduta.

Aurrera begirako asmoak

Arestian aipatu bezala, Euskaraldiaren bueltan egindako lanaren fruituak ez dira Euskararen Egunarekin batera amaituko, ohituretan eragitea baitute asmo. Horretarako, hiru eginkizun nagusi identifikatu dituzte: koordinatzea, aktibatzea eta eragitea. Eta, horien baitan, Bilboko auzoak eta euskalgintza saretzea, agenda bateratua eratzea, eremuka (aisia, merkataritza…) eragitea zein eragile eta erakundeen praktiketan aldaketak bultzatzea izango dira erronkak.