Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak jaso du Urrezko Hirukia

uriola.eus 2022ko eka. 24a, 13:19

EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen mugimenduak Sejo Carrascosari, behatokiko koordinatzaileko bati, eman dio saria azken urteetan LGTBI+fobiaren aurka egindako lanagatik. Trapuzko espartina ikastetxeetan sexu aniztasuna lantzearen aurkako jarrerei eman diote. 

Gaur entregatu ditu EHGAMek Urrezko Hirukia eta Trapuzko espartina sariak ekainaren 28an izango den Sexu Askapenaren egunaren edo Harrotasunaren egunaren baitan. Urrezko Hirukia Sojo Carrascosak jaso du Ikusguneren izenean. Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak proiektuaren sorreran eta egungo proiektuaren egitekoan jo eta su ari diren pertsonak saritu nahi izan ditu. Bestalde, askapenaren aldeko jardunari trabak jartzeagatik urtero ematen duten saria, Trapuzko Espartina, giza sexualitatearen aniztasuna ukatzen duten jarrerei eman diete.

Pertsona oro aske bizitzeko egunerokotasunean lanean jarraitzen dutenak eta egungo jendarte eredu zapaltzailea seinalatu eta honen aurrean tinko agertzen direnak eskerrak eman nahi izan dizkie sari honekin EHGAMek. "Hamaika arrazoi daude Euskal Herri mailan sexu askapenaren alde lan egiten duten pertsona, proiektu, ekimen edota kolektiboak saritzeko. Egunetik egunera gure gorputzak, identitateak, desirak eta harremanak askeago bizitzen laguntzeagatik", adierazi du mugimenduak.

Ikusgune, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia 2019an sortu zen, eta 2017tik eraikitzen ibili ziren Lumagorri ZisHeterosexismoaren Aurkako Taldeko kideak. Autogestiotik eta mugimendutik bertatik sortutako proiektua da eta, gaur egun, LGBT+fobiaren aurkako Euskal Herriko ekimen "erreferenteetariko" bat da, EHGAMek aipatu duen moduan. Sejo Carrascosa behatokiko koordinatzaileetako bat da, eta "pozik" agertu da saria jasotzean. "Gizartean gero eta erantzun handiagoa ikusten ari gara erasoen aurrean. Ez dugu sarien alde lan egiten baina eragingarri gisa balio du lanean jarraitzeko", azaldu du Carrascosak. 

Trapuzko Espartina

Sariaren alde txarrean ikastetxeetan sexu aniztasuna lantzearen aurka agertzen diren jarrerak daude. Horiek jaso dute Trapuzko Espartina. Hau izan da EHGAMek emandako arrazoia: "Jarrera horiek giza sexualitatearen aniztasuna ukatzen dutelako,  ikastetxeak espazio arrotz eta ez-seguruak izatera bultzatzen dituztelako, genero rol eta estereotipoak ikuspegi esentzialistatik birsortu eta indartzen dituztelako eta, azken baten, errealitatea bera ukatzen dutelako.

Saria ez diote jarrera bakar bati eman, mugimenduak azaldu duen moduan: "Tamalez, jarrera horiek hartzen dituzten hamaika izen-abizen eta talde daude". Horren inguruan hainbat adibide jarri dituzte eta Bizkaiko E28 Koordinadoratik martxan jarri den TERF-en (“feminista” trans-baztertzaileen) aurkako kanpainara atxikitzeko deia egin dute.