Espainiako presidente Pedro Sanchezek, bestalde, poliziaren jarduketa “apartekoa” izan zela adierazi du, eta horrek areagotu egin du hainbaten haserrea.
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak, aldiz, “nekropolitika” esaten dio Europako muga fisikoetan gertatzen denari: “Gorputz migratzaileak hiltzen, zuzenean, edo hiltzen uzteko asmoz aldez aurretik pentsatutako heriotza-politikak indar osoz jardun izan dute Melillan”. “Berriz ere ikusi ditugu pertsona beltzen bizitzak, gorputz beltzak, bortxatuak, gizatasunik gabeak eta eskubide orotatik gabetuak izan direla. Bere isiltasunarekin, sarraski handi baten konplize izan den gizarte oso baten begiradaren aurrean, zaborra bezala tratatuak izan dira”, gaineratu dute gertakarien harira zabaldutako komunikatuan. Hala, arrazismo instituzionalaren adibidetzat jo dute, eta gaineratu nahi izan dute atzerritartasun legeak gizakien salerosketa bultzatzen duela.
Komunikabide askok gaiari emandako tratamendua ere gaitzetsi dute, salatu dutelarik “morboa” gailendu dela kasu askotan, irudien erabilerari dagokionez batez ere.
Gobernuei exigentziak
Guzti horren aurrean, premiaz hartu beharreko hainbat neurri eskatu dituzte. Honako hauek dira:
1. Mugetako biktimei justizia emango dien erreparazio- eta memoria-prozesu bat egitea.
2. Migratzaile eta errefuxiatu guztien duintasuna errespetatzea.
3. Itzulketak eta deportazioak bertan behera uztea.
4. Zirkulazio askerako eskubidea gauzatzeko legezko bide seguruak sortzea.
5. Egungo atzerritarrei buruzko legea indargabetzea eta bidezko politikak sustatzea, inor baztertuko ez dutenak, pertsonen duintasuna errespetatuko dutenak eta, baldintzarik gabe, askatasunez bizi eta lan egin ahal izango dutenak.