Itziar Lazkano aukeratu du Bilboko Jai Batzorde Mistoak abuztuaren 20an Arriaga Antzokiko balkoitik pregoia irakurtzeko. Ospe handiko aktore eta zuzendaria, Bilboko Ospetsua ere badena, bere ibilbideagatik eta arte eszenikoen eta kulturaren zabalkunderako Bilbon egindako ekarpenagatik saritu nahi izan dute. Portugaleten jaioa zen 1957an, eta antzerkian ondutako aktorea da, Euskal Herritik kanpo ere hainbat ikuskizunetan aritua eta hainbat sari jasotakoa, aktore zein zuzendari lanengatik.
Era berean, 2022ko Aste Nagusiari hasiera emango dion txupina jaurtitzeko ardura izango duen Txupinera Iratxe Palacios izango da. Tintigorri konpartsako kidea da, hura izan baita zozketan aurtengo Txupinera izendatzea egokitu zaion konpartsa. 1986an jaiotako Bilbotarra eta Txurdinagako bizilaguna da Palacios, eta administrari eta tabernari gisa lan egiten du. “Oso langilea izateaz gain, Iratxe saltsera da, eta zineman edo telebistan figurante gisa azaltzea du gustuko. Aste Nagusiaren zale porrokatua da, katuak maite ditu, baita ahal duen guztietan mendira igotzea ere”, azaldu dute Bilboko Konpartsek.
Ez da, beraz, nolanahiko ardura Lazkanori eta Palaciosi egokitu zaiena. Izan ere, bi urteko itxaronaldi luzearen ondoren, bilbotarrak zein kanpokoak inoiz baino gogotsuago daude abuztuaren 20a iristeko.