Gasolinaren prezioari muga ezartzeko manifestazioa egingo dute larunbatean

uriola.eus 2022ko eka. 29a, 08:59

Kontseilu Sozialistak deituta, mobilizazioa 18:00etan abiatuko da Eliptika plazatik. Gasolinaren prezioari muga ezarri. Soldaten lapurreta gelditu izango da lelo nagusia, eta azkenaldiko prezioen gorakadak zein, oro har, bizitzaren garestitzeak, langileen gain ezartzen duen zama gehigarria ikusaraztea eta salatzea da asmoa.

Deitzaileek nabarmendu dutenez, hainbat neurgailuk adierazten dute garestitze horiek areagotzen jarraituko dutela 2023. urtera arte. Bada, asteburuko hitzorduan erregaien gorakada azpimarratu dute, "udan zehar litroa 3 eurora iritsi baitaiteke". Horrek, beste behin ere, maximo historikoak gaindituko lituzke. Ildo beretik,"soldatak espoliatzen ari direla" salatu dute eta era berean, igoera horren atzean, "enpresari handiek eta politikari profesionalek” gidatutako "soldataren jaitsiera antolatu bat" dagoela langile klasearen aurka.

Bada, egoera horren aurrean ezinbesteko eta premiazkotzat jo dute "langile klasearen eskubide ekonomikoak borroka bidez irabaztea", eta herritar guztiei manifestaziora bertaratzeko dei egin diete. Bilbon ez ezik, Iruñean ere egingo dute mobilizazioa egun berean.