Ehorzle eta eskeleto jantziak soinean irudikatu nahi izan dute NATOk gerra, heriotza eta sufrimendua baino ez dakarrela. Era berean, gogorarazi dute duela 36 urte Hego Euskal Herriko biztanleek erreferendumean ezezkoa eman ziotela erakunde horri, eta herritarren borondateari jaramon egiteko eskatu dute.
“NATOko estatu guztiek babesa eta kontzientzia-eragozpenerako eskubide unibertsala ukatzen diete borrokatzeari uko egiten dioten bi aldeetako milaka gizonei, gatazka-eremura armak bidaltzen eta aurrekontu militarra handitzen duten bitartean, gatazka gogortuz”, adierazi du Kakitzaten bozeramale gisa jardun duen Josune Rojasek. Besteak beste, Ukrainako gerrarekin horixe gertatzen ari dela azpimarratu du taldeak. Hala, Errusiaren inbasioa bertan behera lagatzea eta NATOk tropak eta armak bidaltzeari uztea eskatu dute, gastu militarraren igoera eta arma fabrikei emandako diru-laguntzak salatu eta paradisu fiskalak desegiteko galdegiteaz gain, zeintzuetan oligarkia europarrek eta armamentu industriek etekinak zuritzen dituzten.
Horren guztiaren aurrean, justizia sozialaren alde lerratu dira, nabarmendu dutelarik ez direla neutralak afera honetan, eta zera argi diotela: “NATOri ez”.
KEM-MOC, Madrilen
Ildo beretik, atzo, hilak 28, Bilboko KEM-MOC talde antimilitaristako zenbait kide Madrilen egon ziren, Gerra Eskolan protesta ekintza bat gauzatzen estatuko hainbat txokotatik bertaratutako militanteekin batera. Ekintza zuzen ez-biolento horretan, margoketak egin zituzten, pankartak zabaltzearekin eta abestiak kantatzearekin bat. Hala, NATOko goi-bileraren bezperan, “gerraren jaunak” bidaltzeko eta Gerraren Eskola Bakearen Eskola bihurtzeko aldarrikapena plazaratu zuten umeen amantalak soinean jantzita. Ondorioz, ia 30 pertsona atxilo eraman zituzten komisaldegira.
🟨⬛️🟨Gerraren aurkako 50 erakundek baino gehiagok #EkintzaZuzena eta ezbiolentoa egiten dute Madrilgo Gerra Eskolan, Bake Eskola bihurtzeko eskatuz.
— KEM-MOC BILBAO (@MOCBILBAO) June 28, 2022
👇Haria#OTANno #NoALaOTAN #OTANEZ #EjerzitorikEZ #GastuMilitarrikEz #BakeEskola #EscueladePaz pic.twitter.com/Uf22bYJqqu