UPV/EHU-k ikasleen datuak Microsoft Office 365-eri saldu nahi dizkiola salatu dute LAB eta Ernaik

uriola.eus 2022ko eka. 29a, 12:34

EHUko datuen zerbitzuen pribatizazioa salatu dute Bizkaia Aretoan egiten ari zen gizarte kontseiluaren aurrean. Software libreko programen alde egitea eta etorkizuneko erronken eta digitalizazioaren inguruan komunitate osoarekin eztabaida bat egitea eskatu dute sindikatuak eta gazte antolakundeak.

Ekainaren lehen hamabostekoan jakin zen EHU/UPV-k azken aldaketa teknikoak egiten ari dela, 2022/23 ikasturteko matrikula egitean ikasle guztiek nahitaez O365-en posta elektronikoko kontua izan dezaten. Gaur Bizkaia Aretoan egiten ari zen gizarte kontseiluaren aurrean EHU-ri zuzendutako performance-a egin dute LAB-ek eta Ernaik. "Zerbitzu publikoen pribatizazioaren beste adibide bat da", kritikatu du Iñaki Etaio LAB-eko kideak.

EHU/UPV-k akordio hau aurrera eramaten badu, ikasleen e-postako informazio guztia kanpoko zerbitzari baten esku geratuko da. Gaur egun EHU-ko zerbitzarien menpe geratzen da informazio hau, baina hori amaituko da eta unibertsitateak ez du eskumenik izango. "Ez dakigu datu horiek non amaituko duten. Ez da batere logikoa propioak diren baliabideak kanpokoekin ordezkatzea", aipatu du Etaiok.

Ikasleen posta elektronikoen pribatizazioaren ostean, Etaiok azaldu duen moduan, aurreikusten da langileen datuak ere Microsoftera pasatzea. "Aldaketa honek mendekotasuna sortuko du Microsoftekiko, eta gero oso zaila izango da atzera egitea", aipatu du Etaiok. Sindikatuak eta gazte antolakundeak "ezkutuan" eta unibertsitateko komunitatearekin "inolako eztabaidarik gabe" hartu den erabaki bat izan dela aipatu dute. 

Pribatizazio honen aurrean alternatibak daudela argitu du Iñaki Etaiok: "Azpiraultza teknologikoan aurrera pausuak eman behar dira, batez ere, software librearen aldeko apustu bat egitea. Software horiek erabiltzearen aldeko apustua egin du EHU-ko eragile ezberdinek. Aurrekontuaren zati bat horretarako erabiltzea lortu genuen baina azken urteetan zuzendaritzatik ez da ezer egin. Aukera dago baina beharrezkoa da borondatea izatea aurrera pasuak emateko".

Eztabaidaren alde

Kontzentrazioak egiteko "momentu egokiena" dela uste du LAB-eko kideak matrikula kanpaina uztailaren 18an hasiko delako. Duela bi aste zabaldu zieten salaketa langileei eta orain hura publikoa egitea erabaki dute. "EHUko zuzendaritza taldeari atzera egitea exijitzen diogu, O365 proiektua alde batera utziz eta unibertsitateko komunitate osoarekin eztabaida prozesu bat martxan jarriz. Era berean, EHUko komunitate osoari baita, era orokorrean, euskal gizarteari ere erabaki honen kontra agertzera dei egiten diogu".