Uztailaren 2an, euskaldunek eta kataluniarrek Pirinioetako Bidea deituriko autodeterminazioaren aldeko ekimena eramango dute aurrera. Higer lurmuturra izango da argiztatuko den lehen tokia, eta Kataluniako Pirinioetara arte luzatuko da, Creusera arte. Hasieran, euskaldunek 115 gailur argiztatuko zituztela iragarri zen arren, azkenik 154 izango dira. 91 gailur gorri eta 63 berde; izan ere, gorriekiko interes handia piztu da. Horietatik 97 gailur Euskal Herrian daude eta 57, Erdialdeko Pirinioan. 40km-tara ikusten diren farol berezien bitartez argiztatuko dira gailurrok.
Bilbotarrei bost gailur egokitu zaizkie, eta guztira 240 lagun inguru igoko dira hauetara autodeterminazioaren aldeko aldarrikapena egitera. Santutxu, Otxarkoaga eta Txurdinagako auzotarrak Goñiburura (1.464m) igoko dira; Zurbaran, Uribarri eta Castañosekoak Idorrokira (1.491m); Indautxu, Abusu, Zorrotza, Errekalde eta Boluetakoak Lauriñagara (1.279m); Alde Zaharra, Atxuri, Bilbo Zaharra eta Miribillakoak Urdanazera (1.233); eta Deustu, San Inazio, Ibarrekolanda eta Zorrotzaurrekoak, Urkulura (1.423m). Beste 40 pertsona inguru gorrietara igoko dira.
Mendi berdeak deiturikoak pertsona guztientzako irisgarriak izango dira, eta izen ematea librea izan da. Betiere, aforo mugatuarekin, ingurumena zaintzeko eta masifikazioa ekiditeko. Beste aldetik, gorriak daude. Hauek zailagoak dira, 2.000 metrotik gorakoak, eta badira 3.000 metrotik gorakoak ere. Horiek mendizale adituek igoko dituzte.
Gailurretara 21:00etarako igo beharko da, eta eguzkia sartzen denetik ilundu arteko denbora tartean izango da ekintza, 21:45etatik 22:30etara, gutxi gorabehera. Hala ere, mendian gora igo nahi ez dutenentzako gunea ere egongo da Jaizkibelgo Guadalupe inguruan, musikarekin eta iluntzea igarotzeko giro aproposarekin. Catell de Llivian izango da ekitaldi politiko nagusia, eta antolatzaileek hartuko dute hitza bertan. Zuzeneko emisioa egingo dute bertatik, baita gailurretatik ere.
Bi herrien arteko elkarlana
Ekimena Gure esku Dago eta Kataluniako Assemblea Nacional Catalana eta Federació d' Entitats Excursionistes-ek antolatu dute eta Òmnium Cultural eta Artistes de la República-ren laguntza izan du. Ekimen honek beste mobilizazio batzuetan aurkitu du inspirazioa, hala nola 2019an Montserraten 131 argi piztu zituen Llum i llibertat, edo Euskal herrian aurten Aiako Harria, Txindoki edota Anboto argiztatu duten ekimenetan.
Bi herrien autodeterminazio eskubidearen alde, nazioarteko komunitatearen "arreta geureganatuko" dute Pirinioetako bidea argituz, antolatzaileek azaltzen duten moduan. Erabakitzeko askatasuna aldarrikatu nahi dute antolatzaileek: "Inposatutako mugak, errepresioa eta herrion borondate demokratikoa gauzatzea eragotzi nahi duten oztopo antidemokratikoak gaitzesten ditugula adieraziko dugu. Katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu".