Bisita turistiko gidatuak aztertu eta arautzea eskatuko du EH Bilduk Osoko Bilkuran

uriola.eus 2022ko eka. 30a, 10:27

Turistak Alde Zaharreko bisita gidatu batean (Argazkia: EH Bildu)

Taldekako bisita gidatuek hirian duten eragina aztertzea eta horren arabera udal ordenantzaren bidez arautu ditzatela eskatuko du Asier González zinegotziak. Era berean, gida izateko lizentzien "arautzea" eskatuko du "sektorean dagoen intrusismoari muga jartzeko".

EH Bilduk ekainaren 30eko Osoko Bilkuran Udalari eskatu dio bisita turistiko gidatuek hirian duten eragina azter dezala. Horiek aztertu ostean, bisitak udal ordenantzaren bidez arautzea eskatu du zinegotzi subiranistak. Aldaketa eta azterlan guztiak herritarren iritziarekin, turismo gidarien iritziarekin eta inplikatuta egongo liratekeen udal-sailekin arautzeko modua aztertzea eskatu diote Udalari. 

Alde Zaharreko bisita gidatuetan batez ere jarri du ikusmira Asier González zinegotziak: “biderkatzen ari dira eta, hiri guztietan praktika turistiko komuna den arren, haien hazkunde neurrigabearen eta arautu gabearen ondorioz, arazoak sortzen hasi dira”. 

EH Bilduren ustez, "ona da bisitariek Bilbo eta Euskal Herria ondo ezagutzea", baina onartu dute ezagutza hori eta bertako herritarrekin sortzen den elkarrekintza "guztiontzako esperientzia aberasgarria" izan behar dela. “30 lagunetik gorako talde-bisita etengabeak, megafoniaz hornituak eta txoko berdintsuetan topo egiten dutenak honezkero traba izaten hasi dira auzokideentzat”, azaldu du Gonzálezek. Bartzelona eta Amsterdam jarri ditu eredu gisa. Hiri hauetan espazioaren okupazioa edo oinezkoen zirkulazioa araututa dago. 

Beste turismo baten alde egin du Asier Gonzálezek: "Tokiko administrazioak eredu turistiko jasangarrien alde egin dezake eta egin behar du, turismoaren uberizazioa ekiditeko moduak ezarriz". Talde bakoitzeko partaide kopurua mugatu, megafonien ordez audio-gidak erabiltzera behartu, gidarien udal errolda ireki edo eremu publikoaren erabileragatik tasa bat ezarri, izan dira zinegotziaren proposamenetako batzuk.

Intrusismoa

Alde fiskala ere kontuan hartu du EH Bilduko kideak. "Beste edozein jarduera ekonomiko bezala arautu beharreko jarduera da. Jakin badakigu zerga-betebeharrak zorrotz betetzen dituzten gidari onak daudela, baina intrusismo handia dago eta free-tour eredua kontrola ezina da tresnarik izan ezean”, azaldu du. Gida izateko lizentzien arautzea sektorean dagoen "intrusismoari muga jartzeko eta kalitatezko turismo estandarrak bermatzeko ezinbesteko tresna" dela gaineratu du.