Hemen da Uriolaren Udako I. Argazki Lehiaketa

uriola.eus 2022ko uzt. 4a, 07:00

Lehenengo edizioa izango den honetan, parte hartzaileek bi hilabete izango dituzte argazkiak egin eta bidaltzeko. Epea amaitzean, herritarrek bozkatzeko aukera izango dute, eta haiek aukeratuko dituzte irabazleak.

Uztailaren 5az geroztik martxan dago lehiaketa. Parte hartu nahi dutenek bete beharreko baldintzak honako hauek dira:

  • Pertsona bakoitzak gehienez ere 2 argazki aurkeztu ahal izango ditu
  • Parte-hartzaileek honako helbide elektroniko honetara helarazi beharko dituzte beren lanak: uriolargazki@gmail.com. Mezuan, egilearen izen-abizenak, telefono zenbakia eta argazkia noiz eta non egina den adierazi beharko da.
  • Irudiak JPG formatua izan beharko dute.
Bi kategoria

Uriolaren I. Udako Argazki Lehiaketak bi kategoria izango ditu:

  • Bilbon egindako argazkiak
  • Beste edonon egindakoak

Hala, kategoria bakoitzak bere sariak izango ditu.

Kategoria orokorraren kasuan, irabazleak bertako produktuz osatutako otzara jasoko du, eta, horrez gain, bere argazkia inprimatuta eta markoztatuta eramango du etxera.

Bilbon egindakoen kasuan, aldiz, saria bi pertsonarentzako jatetxe-otordua izango da, baita argazkia inprimatuta eta markoztatuta jasotzea ere.

Irabazleak hautatzeko prozedura

Argazkiak jasotzeko epea igaro ostean, parte-hartzaile guztien lanak Uriola.eus webgunean ikusgai jarriko dira, eta herritarrek gogokoen dutenaren aldeko bozka emateko aukera izango dute. Hala, kategoria bakoitzean boto gehien jasotzen duen lanaren egileari egokituko zaio saria. Emaitzak irailaren 21ean jakinaraziko dira.