Metroko langileak aurreko asteko greba eta mobilizazioei jarraipena eman diete dute ostegun honetan zuzendaritzarekin bildu eta hitzarmenaren negoziazioa "blokeatuta" dagoela egiaztatu ondoren, ELA, CIM eta UGT azaldu duten moduan. Lanuztearen jarraipena "zabala izan da, eta eragin nabarmena izan du zerbitzuan", aipatu dute sindikatuek.
Tren-makinisten sindikatuak ere, Semaf, aurreko astetik aurrera Bilboko metroan greba egun batzuk deituko zituela iragarri zuen. Lehenengo geldialdi egunak aurreko asteko asteazken eta ostiralean izan ziren 07:00etatik 09:00etara eta 19:00etatik 21:00etara zerbitzuaren segurtasunaren eta profesionalizazioaren alde. Horietaz gain BBK Live irauten duen bitartean, uztailaren 7, 8 eta 9an lanuzteak egingo dituzte 19:00etatik 21:00etara eta uztailaren 13 eta 15ean, 07:00etatik 09:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
Geldialdi hauek "presio-neurri" gisa eramaten ari dira aurrera metroko langileak. "Nazkatuta gaude negoziazioen egoerarekin, langileen ordezkaritzari erakutsi zaion errespetu faltarekin, orain arteko negoziazio-prozesua interesatuta eta justifikaziorik gabe gelditzearekin eta metro Bilbaoko langileok mahai gainean jarri ditugun erreklamazioei erantzun egiazkorik eta errealistarik ez ematearekin", salatu zuten hiru sindikatuek geldialdien iragarpenarekin batera. Erosteko ahalmenari eustea eta Metro Bilbaok eskaintzen duen %2tik gorako soldata-igoera eskatzen dute langileek.
Kontzentrazioa asteartean
Sindikatuek Metro Bilboko zuzendaritzak langileen erosteko ahalmena bermatu gabe jarraitzen duela salatu dute eta horregatik eman diote jarraipena lanuzteei. Arratsalde honetan lan uztea egingo dute ELA, CIM eta UGT-k deituta 18:30etik 21:30era eta asteartean, uztailaren 5ean, elkarretaratzea egingo dute Metroaren bulegoen aurrean, Bilboko Nafarroa kalean, 11:00etan, hitzarmenaren alde.