DSBE-aren 2008ko legea aplikatzea eskatu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak

uriola.eus 2022ko uzt. 5a, 12:43

Hainbat sindikatutako ordezkariekin batera eragile sozialak eskatu du proiektua bertan behera uztea, eta DSBE-ren proiektua kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren aurrean. "Modu duinean bizitzeko babes sistema eraikitzeko eztabaida beharrezkoa da", aldarrikatu dute. 

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta hainbat sindikatuk 2008an DSBE-ren inguruan sinatutako legea errespetatzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. "Aurrerapena badago ere, gutxienekoa da 2008ko legearekin alderatuz gero, murrizketek eta kriminalizazio-neurriek indarrean jarraitzen dute", azaldu du Sheila Fernández Eskubide Sozialen Kartako kideak.

2008ko legearekin pentsioduna ez den pertsona batek 1.026 euro kobratuko lituzke, eta lege proiektuak 2023rako DSBEa 737,44 eurotan ezartzen du. "2022an baino zerbait gehiago izan arren, ez du betetzen DSBEk aurten izango duen erosahalmenaren galera", salatu du Fernándezek. Jaitsiera horretaz gain, bi urtetan etxebizitzaren prestazio osagarria desagertzearen planteamendua mahai gainean dagoela kritikatu du Eskubide Sozialen Kartako kideak. 

Eusko Jaurlaritzaren Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasun Inkestaren arabera, prestazio sistemak barruan daudenen %33 bakarrik ateratzen ditu pobrezia egoeratik. "Sistema ez da nahikoa, eta nabarmen hobetu beharra dago. Egungo pobrezia egoera kronifikatu eta jasangarri egiten duen eredua baino, benetako eztabaida beharrezkoa dela modu duinean bizitzeko babes sistema eraikitzeko. Diru sarrerak bermatzeko sistemaren eztabaida marko orokor horren baitan kokatu behar da", eskatu du Sheila Fernándezek. 

Laguntza horietatik kanpo geratzen ari diren pertsonek laguntza izan dezaten saiatzen ari da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, "egoera ekonomiko txarrean" dauden pertsonak pobreziatik atera ahal izateko. "Hausnarketa bat egin behar dela uste dugu, aurrerapen horiek benetan egin daitezen", aitortu du Fernándezek. Neurriak aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarrean eta gaur azaldu duten moduan, "alderdi batzuek proposamen hau aztertu eta aldaketak antolatu nahi dituzte". Negoziazioekin jarraitzeko borondatea aurkeztu dute gaurko mobilizazioan.

Neurriak

Adierazpenetan esandakoarekin lotuta, hainbat aldarrikapen egin dituzte. Proiektua bertan behera uztea; 2008ko legearekiko aplikatzen ari diren murrizketak bertan behera uztea; Karta Sozialaren Pobrezia eta Bazterketa Sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilean jasotzen ziren neurriak onartzea, eta talde parlamentarioek neurri horiek defendatzea; eta babes sistemaren inguruko benetako eztabaida sozial eta parte hartzailea irekitzea.